Gorka Bereziartua
Alberdania/2026
Hamar urte eman ditu Gorka Bereziartuak ‘Garondoan’ (Alberdania) idazteko. Idazle, kazetari eta editore hernaniarraren lehen eleberria da, eta denbora luze horrek nobelaren hezurdura eraiki du. Donostian aurkeztutako liburua ez baita 2015ean idatziko zuen berbera. «Bidean egindako aurkikuntza txikiez desblokeatzen joan da», azaldu zuen egileak. «Pozik nago, hau da bilatzen nuena».
Denboraren pertzepzioak badu garrantzia «euskal gatazkaren beste nobela bat» den honetan, eta aldi berean «hori baino gehiago» dena. Eleberri honek 2000ko hamarkadako gazteak ditu ardatz. Bereziartuaren esanetan, ia belaunaldi galdua lanbro artean, irudi ez egonkorra duena 80 eta 90ko hamarkadetako gazteen nortasun markatuekin alderatuz gero. «Istorioa gatazkaren azken fasearen eta orain bizi garenaren hasieran» kokatzen du, itxura grasmsciarra duen bidegurutze batean.
Bereziartua ibilbide luzeko kazetaria da ‘Argia’ aldizkarian, eta ezin izan dio (ez du nahi izan) ofizioari uko egin. «Nahiz eta nobelagintza lan desberdina den, prentsa eskola ikaragarria» dela aipatu zuen. Material horiekin, estilo garaikideko liburua eraiki du. «Ez da nobela realista, baina errealitatean sustraitua» dago kontakizuna eraikitzeko.