Ione Gorostarzu
Elkar/2026
Intuizioa eta jolasa. Bi horiek uztartu ditu Ione Gorostarzuk (Berastegi, Gipuzkoa, 1984) idazteko orduan. Intuizioari dagokionez, «txinparta ukigarriek» eman diote lerro batzuk idazteko aitzakia; izan esaldi bat, izan irudi bat, edo izan usain bat. Eta, txinparta horiekin jolasean, bideak nora eramango zuen oso ondo jakin gabe, poemak sortuz joan da pixkanaka. Bada, azkenean, poema horiek liburu batean bildu ditu: Geratzen dena da liburuaren izena, eta Elkar argitaletxearekin plazaratu du. Hirugarren poema liburua du, Des egiten (Elkar, 2012) eta Ez da erditzea (Elkar, 2019) kaleratuak baititu aurretik. Orain arte, Gorostarzuk zazpi urtetik behin kaleratu ditu lanak, eta, txantxetan, honela esan die aurkezpenera joandakoei: «Aurreikuspenen arabera, 2033an egongo gara berriro hemen».
Egilearen arabera, azaleko irudiak —Ainhoa Lukasek egin du— emango dio irakurleari liburuko poemen inguruko lehenengo arrastoa; ote landare bat besarkatzen duten bi esku ageri dira. Duela lau urte hasi zen Gorostarzu poemak idazten, aitaren heriotzaren ostean hain justu.
Aita hil zela jakin zuenekoaren eta gerora etorritakoen ingurukoak dira, besteak beste, Geratzen dena-ko olerkiak. Baina badago besterik ere; heriotzaren gaia oso presente dagoen arren, poemetan «beti hor dauden» gaiak ere ageri dira, Gorostarzuren esanetan, agian hain ikusgarriak izan ez arren «benetan guztiaren oinarrian» daudenak.