Txerrikume errea

Osagaiak

> Txerrikume bat, 5 kg ingurukoa, bitan zatitua luzeran
> Txerri gatza
> Gatz fina eta gatza larria
> 2 baso bete ur

Errezeta

Txerrikume ez horren gaztea berreskuratzeko trukoa dogu ur izoztuan ordubetez eduki ondoan xukatzea, lehortzea eta erretzea, ondoren adieraziko dogun eran.

Luzeran ireki eta zabalduko dogu, atalak guztiz bereizi gabe. Labe-erretilu batean jarri, gatz larria oparo eman eta txerri gantza pixar batez igurtziko dogu ondoren. Zurezko ezpal batzuk ipiniko doguz hondoan, txerrikumea iraultzerakoan hondoak azalari hel ez diezaion. Ura erantsiko dogu ondoren, ezpalen goratasunean baino ez, eta aurrez beroturiko labe batean sartuko dogu. 170º-ko tenperaturan edukiko dogu txerrikumea 90 bat minutuan, saihetsak gorritu eta ukitu orduko kraska egiten dutela somatu arte.

Irauli egingo dogu ondoren txerrikumea, muturretik oratuta, azala ez urratzeko, eta sardexka batez ziztatuko dogu gorputza eta burua txerrikumeak barruko zuku, ur eta koipea isur ditzan. Horrela jokatuko dogu, azala egoki erre eta kurruskari gera dadin. Gatza emango dogu berriro azalean, gatz fina oraingoan, eta ur gehiago erantsiko dogu, lehortu dela somatzen badogu. Labean edukiko dogu berriro txerrikumea, beste ordu erdi batean eta tenperatura berean. Epe horren ostean, labetik atara eta brotxa batez igurtziko dogu txerrikumea oliba olioz edo gantzaz. Labean sartuko dogu berriro, 220º-ko tenperaturan ordea, eta azala ongi txigortu eta kraskatsu geratu arte edukiko dogu berotasun hartan.

Txerrikumearen atalen bat “belarriak, buztana edo hankak“ gehiegitxo erre direla somatzen badogu, aluminio-paperaz babestuko doguz atal horiek. Labetik atera bezain laster mahairatuko dogu, azala gorri eta kurruskari, entsalada berdearekin eta patata frijituekin, ardo beltz on ugariren eskutik.