Bermeoko Herri Eskolak bere jolastoki berritzailea estreinatu dau ikasleen ongizatea, bizikidetza eta ikaskuntza uztartzen dauzen hezkuntza-proiektu zabalago dana.
Ekimen hau iazko udal aurrekontu parte-hartzaileetatik bideratutako 50.000 euroei esker gauzatu da, eta Herri Eskolako Familia Elkartearen ekarpen ekonomikoarekin osatu da, espazioa are funtzionalago eta komunitarioagoa izateko.
Aurkezpenean Bermeoko Herri Eskolako ordezkariek, Familia Elkarteak eta Bermeoko Udalak parte hartu eben, jolastokiaren berrikuntza ez ezik, eskolak azken urteotan hartu dauen bide pedagogiko eta komunitarioa ere agerian itziz.
Xabier Ortuzar Butron alkateordeak adierazi eban Bermeoko Herri Eskolako jolastoki barritua harreman eta elkarlan iraunkor baten emaitza dela. Ortuzarren berbetan, udal gobernuak hasieratik izan dau harreman estua eskolako zuzendaritzarekin, bai aurreko zuzendaritza-taldearekin, bai egungoarekin ere, “elkarrizketan eta konfiantzan oinarritutako lan-dinamika” sustatuz.
Aurretik sortutako lan-mahaia balioan jarri da, iazko aurrekontu parte-hartzaileen emaitzen ostean, proiektuari forma emoteko funtsezko tresna izan delako. Zinegotziaren esanetan, “mahai hori oso positiboa izan da, elkarlanerako bidea emon dauelako eta eragile guztiek —udala, eskola eta familiak— norabide berean lan egiteko aukera eskaini dauelako”.
Bestalde, alkateordeak gogorarazi eban Bermeoko Herri Eskola udalaren jabetzako eraikina dela, eta, horregatik, beste udal eraikinekin egiten den moduan, espazio horiek zaintzea, egokitzea eta balioan jartzea udalaren ardura eta konpromisoa dela. Ildo horretan, patioaren berrikuntza udal ondarea hobetzeko eta herritarren zerbitzura jartzeko urrats gisa ulertzen dela azpimarratu du.
Ibilbidea, eraldaketa eta ongizatea
Bermeoko Herri Eskolako zuzendaritzatik azpimarratu eben ere patio inklusiboaren lehen fasea aurkezteaz gain, eskola hobe bat eraikitzeko konpromisoa berritzen dauela proiektu honek. Jolastoki barritua “ez da obra isolatu bat”, baizik eta ikasleen ongizatea, bizikidetza eta ikaskuntza uztartzen dituen hezkuntza-proiektu zabalago baten parte.
Zuzendaritzak gogorarazi eban eskolak ibilbide luzea daukala eta orain dala hiru urte, 50. urteurrenean, Hegaluze saria jaso ebala, urteetan egindako lanaren aitortza gisa. Horregatik, eskerrak eman eutseen urteetan eskola aurrera eroan daben zuzendaritza-taldeei, irakasleei, hezitzaileei eta langile guztiei, euren lanari eta ilusioari esker Bermeoko Herri Eskola belaunaldi askorentzat erreferente eta bigarren etxe izan delako.
Halaber, nabarmendu eben eskola hau publikoa, euskalduna eta herrikoa izan dela beti, eta horrela izaten jarraituko dauela, bermeotar askori euskal kulturan murgiltzeko aukera eskainiz.
Ikasleen arrakasta eta ongizatea bermatzea helburu
Egungo erronkei erantzuteko, Bermeoko Herri Eskolak azken urteotan hainbat proiektu estrategiko jarri dauz martxan, helburu argi batekin: ikasle guztien arrakasta eta ongizatea bermatzea. Ildo horretan, eskola Eraldatzen programan murgilduta dago, inklusioa, berdintasuna, ekitatea eta hezkuntza-kalitatea ardatz hartuta.
Era berean, STEAM eta ADI programen bidez, ikasleen pentsamendu kritikoa, konpetentzia digitalak eta sormena lantzen dira, betiere genero-berdintasuna, jasangarritasuna eta herritartasun arduratsua sustatuz. Programa horreen barruan, eskolak negutegia eta barne-ortuak jarri dauz martxan, baita Haur Hezkuntzarako zientzia gela barria ere.
Irakurketaren sustapena eta ongizate emozionala ere lehentasunezko ardatzak dira. Hala, irakurketa plana berritu da, liburutegi berriak sortzen ari dira, eta esku-hartze terapeutikoa txertatu da ikasleen beharrak hobeto artatzeko.
Testuinguru horretan kokatzen da jolastoki inklusiboaren proiektua, ikasle, irakasle eta familien ongizatea eta bizikidetza positiboa sustatzeko espazio gisa. Proiektua garatzeko, lan-talde misto bat osatu da, zuzendaritza, Familia Elkartea eta Bermeoko Udala elkarlanean, eta eskolako diagnostikotik abiatuta “Hiritik At” proiektua aukeratu da jolastokiaren diseinua egiteko.
Zuzendaritzaren esanetan, jolastoki barrituak eskola eraldatzen jarraitzeko tresna izan nahi dau, jolasa, ikaskuntza eta inklusioa uztartzen dauzen espazio bizi eta komunitario gisa.
Komunitatea eta identitate berria
Familia Elkarteak ere parte hartu eban aurkezpenean, eta azpimarratu eben obra hau ez dela lan fisiko bat bakarrik, baizik eta eskola-proiektu oso baten adierazpena. Jolastokiaren erdigunean dagoen irudiak eskolaren balio pedagogikoak, ume bakoitzaren etorkizunari begirako ikuspegia eta komunitatearen indarra irudikatzen dauzela azaldu eben.
Testuinguru horretan kokatzen da, halaber, eskola-irudi, logo eta izen berria: Bermeoko Herri Eskola, egindako bideari aitortza eginez eta aniztasunean eraikitako identitatea islatuz.
Familia Elkarteak gogorarazi eban 14.000 euroko ekarpen propioa egin dauela jolastokiko antzeztokia eraikitzeko, lehen fasearekin nahikoa ez zela ikusita. Era berean, adierazi eben familiek eskola publikoaren aldeko konpromiso irmoa daukiela: “Eskola denon inbertsioa da, eta denon artean egiten dogu eskola”.
Eta Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk eskerrak eman eutseen aurrekontu parte-hartzaileetan parte hartzeagatik eta proposamen hau babestu eta aurrera ateratzeko egindako lanagatik”.
Halaber, alkateak parte-hartze instituzionala eta komunitarioa nabarmendu ebazan, eta “oso pozik” agertu zan sortu den elkarlanarekin. Bere hitzetan, “poztekoa da elkarlanetik sortutako fruituak ikustea, hezkuntza-komunitatearen eta herriaren onerako diren proiektuak gauzatzen direnean”.





