Domekan ospatuko da Bermeoko Herri Lasterketa

Bermeoko Udalaren Kirol Sailak eta Taraska Gazte-Zahar taldeak antolatuta, datorren domekan, urtarrilaren 25ean, Bermeoko XX. Herri Lasterketa egingo da.

Aurtengoa edizioa berezia izango da, izan ere, Taraska Gazte-Zahar taldeak antolatzaile lanak egiten dabezan azken urtea izango da, eta ekimen honen lekukoa beste talde batek hartzeko prozesua martxan dago, lasterketaren jarraipena eta etorkizuna bermatzeko helburuarekin.

Herri Lasterketa Bermeoko herritar guztiei zuzendutako kirol ekintza da, eta herrian denok batera korrika egiteko “aukera paregabea” eskaintzen dauena eta ez daukalako konpetizio-helbururik, izaera herrikoia eta soziala dauka.

Urtero modura, adin tarteka banatutako 4 lasterketa egongo dira, eta denak Lameratik hasiko dira:

  • Gazteak eta helduak (14tik gora): Gutxi gorabehera 8 kilometro, 11:00etan hasita
  • Gaztetxoak (11-14):500 metro, 12:00etan hasita. Adin tarte honetako gazteek lasterketa nagusian parte hartu dezakete, pertsona nagusi baten ardurapean
  • Umeak (7-10 urte): 800 metro, 12:10ean hasita
  • Haurrak (3-6 urte): 100 metro, 12:40an hasita

Lasterketa nagusiaren ibilbidea honakoa izango da: Lamera > Kai bidea > Artza > Errosapeko moilla > Artza > Nardiz tar Benantzio > Uhinurrategia > Nardiz tar Benantzio > Kofradia > Aroztegi > Nardiz tar Jon > Santa Barbara > Intxausti > Goiko plaza > Bidebarrieta > Talakoetxea > Baztarre > Aurrekoetxea > Irakaskintza > Ongintza > Tala > Tonpoia > Talako Andra Mari > Hilerria > Aritzatxu bidea > Matxitxako bidea > Bidegorria > Kiroldegia > Landabaso poligonoa > Bizkaiko Jaurerria > Intxausti > Goiko plaza > Aroztegi > Lamera.

Izena emoteko epea zabalik

Nagusien lasterketa 11:00etan hasi eta 12:00ak ingurura arte luzatzea aurreikusten da. Hori dela eta, ordu-tarte horretan, korrikalariak errespetatze aldera, ibilgailuak ahalik eta gitxien erabiltzeko eskatzen da.

Herri Lasterketan parte hartu nahi dabenek Bermeoko Areneko kiroldegian emon beharko dute izena, eta umeek ikastetxeetan izena emoteko aukera izango dabe. Lasterketa egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da 10:30ak arte; hala ere, antolatzaileen lana errazteko, aurrez izena emotea eskertzen da.

Umeek eta gaztetxoek euro bat ordaindu beharko dute, eta nagusiek, berriz, bi euro. Aurten Herri Lasterketan batzen den dirua Sagrado Corazón Ikastetxeak jasoko dau, aniztasun funtzionala daukan umeen artean kirol ohitura osasungarriak sustatzeko helburuarekin.

Korrikalari bakoitzari izena emotean dortsala emango jako, lasterketa egunean eroan beharko dauena. Haurrek, umeek eta gaztetxoek dortsalak ikastetxeetan jasoko dabez.

Lasterketa amaitzean, parte-hartzaileek BM supermerkatuek prestatutako opari-poltsa bana jasoko dabe, eta Bermeoprint-en opariak ere banatuko dira parte-hartzaileen artean. Horrez gain, aurreko urteetan bezala, korrikalariek Areneko kiroldegian eta Artza frontoian dutxatzeko aukera izango dabe.

Herri Lasterketaren garapen zuzena eta segurtasuna bermatzeko, honako hauek ariko dira lanean: Taraska Gazte-Zahar taldea, Izaro Bikers Moto elkartea, Bermeoko Kirol, Zerbitzu eta Udaltzaingo sailak, Gurutze Gorria eta herriko boluntarioak. Halaber, lasterketaren laguntzaileak honako hauek dira: Kutxabank, BM supermerkatuak, Festak.com, Bermeoprint, Bermeoko Herri Eskola, Sagrado Corazón Ikastetxea, Eleizalde Ikastola eta Bermeoko Institutua.

Umeak, gazteak eta nagusiak kontuan hartuta, 851 korrikalari batu ebezan aurreko Herri Lasterketak; horietatik 209k parte hartu eben lasterketa nagusian, eta 642k ume eta gazteen lasterketetan. Iaz, 1.145 euro batu ziren, eta Eleizalde Ikastolako Gela Egonkorrera bideratu ziren, umeen artean kirol ohitura osasungarriak sustatzeko.

Bermeoko Udalak herritar guztiak animatzen ditu XX. Herri Lasterketan parte hartzera, kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera paregabea baita. Era berean, urte luzez lasterketa hau aurrera ateratzeko gogor lanean aritu diren antolatzaile eta boluntario guztien lana eskertu nahi da.