Gernika-Lumoko ingurumen arloak otsailaren 3an, 18:00etan, Elaia Alai areto txikian, ezagutzera emango dauz etorkizuneko Babesleku Klimatikoen Sarea definitzeko martxan jarritako prozesu parte-hartzailearen ondorioak. Azpiegitura horren helburua da espazio freskoak, seguruak eta irisgarriak eskaintzea, aurreikuspenen arabera gero eta ohikoagoak izango diren bero-boladetan.
Azken hilabeteetan, Udalak ekarpenak bildu dauz udal teknikariekin eta tokiko eragileekin aurrez aurre egindako topaketen bidez, bai eta herritarrei zabaldutako online inkesta baten bidez ere. Lan horretatik ondorioztatzen dira orain sarearen azken diseinua bideratuko daben ildoak, espazioak kokatze hutsetik haratago doazen irizpideekin, eta irisgarritasunari, erabilerei edo biztanleei informazioa emoteari erreparatzen dautsee, besteak beste.
Ekimena Gernika-Lumoko klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko Plan Integratuaren barruan dago, eta Urban Klima 2050 programaren parte da. Programa hori Ihobek koordinatzen dau, eta Europar Batasunak babesten dau. Programa horrek tokiko berrogei jarduera bultzatzen dauz, berotze globalari aurrea hartzeko.
Unean uneko azpiegitura baino gehiago, Babes Klimatikoen Sareak eguneroko babes-tresna bihurtu nahi dau, bereziki pertsona ahulenentzat. Otsailaren 3an, dokumentu tekniko bat ez ezik, klima-egokitzapena hiri-bizitzaren erdigunean jartzen dauen prozesu kolektibo baten emaitza ere aurkeztuko da.





