Urdaibai, National Geographic-eko Bidaia Irakurleen Sarietan “Jomuga Jasangarri Onena” izateko hautagaia

Urdaibai National Geographic-eko 2026ko Bidaia Irakurleen Sarien IV. edizioko “Jomuga Jasangarri Onena” kategoriako zazpi hautagai finalistetako bat da. Sari hauek turismo arduratsuarekin, ingurunea errespetatzearekin eta jasangarritasun-balioekin lerrokatuta egoteagatik nabarmentzen diren jomugak aintzatesten dabez. Hautagaitza mugarri berri bat da Urdaibairentzat, turismo-plangintzan, lurraldearen kudeaketa orekatuan eta bertako natura eta kultura-ondareari balioa ematean egiten ari den etengabeko lana aitortuz.

Urremendi Landa Garapenen Elkarteak, Urdaibaiko turismo-kudeaketaren ardura daukan erakundeak, oso positibotzat jo dau izendapen hori. “Hautagaitza hau aspaldidanik egiten ari garen bidearen emaitza da: ingurua kontserbatu, tokiko biztanleen ongizatea zaindu eta bisitatzen gaituztenei kalitatezko esperientzia eskaintzeko egiten den lana aitortzen du, eredu turistiko orekatu baten aldeko apustua”, adierazi dau Aitziber Ansotegi Urremendiko gerenteak.

Ansotegik nabarmendu dauenez, aitorpen hau “ez da ekintza puntual baten emaitza, eskualdearen talde-lanaren, erakundeen, tokiko eragileen eta turismo-sektorearen arteko lankidetzaren eta jasangarritasuna Urdaibaiko turismo-garapenaren erdigunean jartzen dauen estrategia partekatu baten emaitza baizik”.

Herritarrentzako bozketa irekia

National Geographic Bidaiak aldizkariko irakurleen sariak herri-bozketaren bidez erabakitzen dira. Aldizkariko irakurleek eta komunitate digitalak aukeratuko dituzte kategoria bakoitzeko
jomuga irabazleak. Bozketen azken emaitzak apirilaren 21ean jakinaraziko dira.

Botoa emateko aukera otsailaren 22ra arte egongo da zabalik, esteka honen bitartez  eta Urremenditik parte hartzeko deia luzatzen da, eta azpimarratu da “hautagaitza hau babestea Euskadin Urdaibai bezalako enklabe zoragarri bat izatearen harrotasuna erakusteko modu bat ere badela, turismo jasangarrian eta lurraldearen kudeaketa arduratsuan erreferente dena”.

Hautagaitza honek azken urteetan lortutako beste aintzatespen batzuekin bat egiten dau, eta Urdaibai jomuga turistiko heldu gisa sendotzen du, jasangarritasunarekin, desestazionalizazioarekin eta bisitari-fluxuen banaketa orekatuarekin konprometituta. Eredu honek kalitatea lehenesten du kantitatearen aurretik, eta tokiko ekonomiaren garapen arduratsuari eta biztanleriaren ongizateari laguntzen dautso.

Urremendi Landa Garapen Elkarteak oso positibotzat jo dau National Geographic bezalako aldizkari batek Urdaibai munduko zazpi jomuga onenen artean aukeratu izana, “horrek esan nahi dau jarraitzen ari garen lan-ildoa egokia dela”.