Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea Busturiako BBK Klimaren instalazioetan izan da gaur, Ulysses Data for Science proiektu zientifikoaren dibulgazio-proposamena den eta itsasoko eta ibaiertzetako zaborren arazoari heltzea helburu daukan Ulysses Experience proiektua bertatik bertara ezagutzeko. Proiketuak beharrezko datu guztiak biltzen dauz, zaborra itsasora iristea eta bertan agertzea eragotziko dauen estrategia globala ezartzeko. Ibilbidean zehar, Josu Bilbao sailburuordea Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariarekin eta Jorge Ballester Data For Science Fundazioko zuzendariarekin batera egon da, toki, gizarte eta hezkuntza arloetako erakundeetako berrogeita hamar ordezkari ingururekin batera.
Ikasleei eta familiei zuzenduta dagoen ekimenera egindako bisita Domo Esperientzian hasi da. Murgiltze-espazio horretan, bertaratutakoek film bat ikusi dabe 360º-tan. Proiekzioa proiektuaren sarrera da, egungo klima estatusa, ingurumen arazoari buruzko kontzientziazioa eta Ulysses Data for Science proiektuaren helburuak landuz, hori guztia planetaren etorkizuneko ikuspegi baikorretik planteatuta.
Bisita instituzionala urtarrilaren 26an mundu osoan ospatzen den Ingurumen Hezkuntzaren Mundu Egunarekin bat etorriz egin da. “Negazionismoen garaian, funtsezkoa da datuetan eta zientzian oinarritutako erabakien garrantzia azpimarratzea, itsaso eta ibaietako zaborrak desagerrarazteko edo murrizteko estrategiarik onena diseinatzeko. Eta, hemen, ingurumen hezkuntzak funtsezko lekua betetzen dau ekintzara eta gizartearen portaeren eta ohituren aldaketara mugitzeko”, azaldu dau Josu Bilbao sailburuordeak. “Ulysses proiektua gure kostaldean zabaltzen ari den mila gailu inguruak, itsas hondakinak korronteen arabera zelan mugitzen diren jakiteko datu baliotsuak ematen dizkigute, eta horrek arazoa teknologiaren eta kontzientziazioaren bidez arintzeko konponbiderik onenak aurkitzen lagunduko digu”, gaineratu dau.
Nora Sarasola, BBKko Gizarte Ekintzako zuzendariak nabarmendu dauenez “BBK Klimaren estrategiak oso helburu argia dauka: familiei espazio esperientzial eta ludikoa eskaintzea, bertan, jokoaren bidez, ohiturak bizimodu jasangarriagoetara aldatzea sustatzeko. Ulysses esperientziak bereziki indartzen dau bide hori: modu erakargarrian uztartzen dauz itsas jasangarritasunari buruzko zientzia, teknologia eta dibulgazioa”.
Jorge Ballester, Data For Science Fundazioko zuzendariak gaineratu dau zientzia dala “plastikoen arazoa zehaztasunez ulertzeko eta konponbide eraginkorrak aurreikusteko aukera emoten dauskun tresna. Ulysses bezalako proiektuek erakusten dabenez, ikertzeaz gain, ezinbestekoa da ezagutza hori gizarteari zabaltzea eta transferitzea. Ez dago BBK Klima baino espazio hoberik ebidentzia zientifikoa herritarrengana hurbildu eta kontzientzia kolektibo eta aldaketarako gaitasun erreal bihurtzen dauen esperientzia zientifiko, interaktibo eta digital hau bizitzeko”.





