2025a bikain amaitu da Busturialdeko bertsolaritzarentzat, Bizkaiko txapeldun barria Aitor Etxebarriazarraga gernikarra dalako eta, ganera, eskualdeko beste partehartzaileek be lan nabarmena egin dabelako. Etxebarriazarragaz gan, Onintza Enbeita muxikarra be abenduaren 20an Bilbon jokatutako final handian sartu zan eta, lehenengo eta bigarren geratu ziran, txapela irabazteko lehia estu-estuan: 1.163 puntu Etxebarriazarragarentzat, 1.162,5 Enbeitarentzat, puntu erdia baino ez bien artean. Ibai Amillategi eta Enare Muniategi finalaurrekoetara heldu ziren.
Bizkaiko hirugarren finala izan zan Etxebarriazarragarentzat eta orain, txapela irabazi barri, alkarrizketen eta argazkien txanda heldu jako. Astran alkartzen da komunikabideetako ordezkariakaz, leku sinbolikoa herriarentzat eta berarentzat be bai, bertsolari lez hazten ikusi dauan eraikina dalako. Lilibertsoko kideak ez ditu ahaztu, hareen eskutik egin ditualako txapelketa irabazteko pausoak. Batez be, Ibai Amillategi txikitako laguna izan dau gogoan, alkarregaz hasi ziralako bertsolaritzaz gozetan eta, apurnaka, goi mailara heldu dira.
Bizkaiko txapelduna zara abenduaren 20tik. Ezustea izan da zuretzat ala igarten zendun txapelketa hasi aurretik sasoi onean zengozala?
Txapelketa hasi aurretik ez neban halakorik irudikatzen. Abadiñoko finalaurreko saioan ikusi neban neure burua aurrerapausoa egiten. Plazan nahiko sendo eta eroso sentidu nintzen, baina txapelketan, helburu modura ez neukan txapela.
Zein asmogaz hasi zendun txapelketea?
Oraingoan ez neban helburu zehatzik jarri. Beste txapelketa batzutan finalean sartzea izan zan finkatutako helburua, baina oraingoan ez naz halakoetan ibili. Ahalegindu nintzen plazetan neukan kantaera txapelketara eroaten. Plazan gorputzaldi sendoa eta ausarta izaten nabilela esango neuke, eta hori txapelketan erakutsi gura izan neban. Alde horretatik pozik nago, txapelketan be lortu nebalako neure onena emotea.
Casillako harmailetan 4.700 entzule bildu ziran eta hasieratik giro beroa egon zan.
Bertsoak zentzuna dauka nori kantatua baldin badago. Entzuleak zenbat eta adiago, beroago eta gosetuago egon, gu orduan eta hobeto sentitzen gara, haziago. Alde horretatik ez zan atxakirik egon, plaza gozagarri egoan eta klima horrek geu be kutsatu ginduzan.
Zein ariketatan ibili zinen erosoen?
Esango neuke, Zortziko Txikian izan ezik, beste guztietan gustora ibili nintzela; bai gaiek iradokitakoagatik, bai kantua ekarteko moduagatik. Epaileen puntuazinoari begiratuta, puntu erantzunetan izan neban balorazinorik onena, baina egindako ariketa guztietan gustora geratu nintzen.
Gerraren eta armagintzaren industriaren inguruko gaia egokitu jatzun puntu erantzunetan. Zu gernikarra izanda eta herriak daukan sinbolismoa kontuan izanda, gai aproposa izan zan zure onena emoteko?
Alegoria polita da Astran egotea puntu erantzun hareei buruz berbetan. Egia da badagoala kezka bat eten barik buruan daukadana, zeresan asko emoten dauan gaia da. Bertsolari guztiok egiten dogu berba gustora gai horren inguruan. Finalaren kasuan, ganera, asmatu egin neban.
Buruz burukoan Onintza Enbeitagaz kantau zendun. Biak Busturialdekoak izanik, berezia izan zan?
Norbera buruz burukora pasetea emozionantea izaten da berez. Buruz buruko hori Onintzagaz egitea bereziki hunkigarria izan zan niretzat, bera eskualdeko erreferente nagusietako bat dalako bertsotan. Bertso eskolan ordu asko pasau doguz alkarregaz, batez be aurten, txapelketarako entrenetan. Ganera, gure amumak ahiztak be baziran eta badaukagu familiako loturatxu hori be.
Zer pentsau zendun buruz burukora Onintza eta biok pasau ziniela entzun zendunean?
Daukagun harremanagatik, biok buruz burukora pasau izanak emozino guztiak lehertuarazo ebazan eta besarkadetan eta negarretan busti ginen biok. Ordura arteko patxada eta sendotasun guztiak labadora moduko baten sartu ziren eta hankaz gora jarri. Ni neu, behintzat, emozinoz beteta hasi nintzen eta, buruz burukoko lehenengo ariketan, Zortziko Txikian, etorri zan arratsalde haretako nire laprastada ebidente bakarra: lehenengo bertsoa kantetan hasi eta amaiera ahaztu jatan. Gero konpondu neban zelan edo halan.
Behin buruz burukoari neurria hartuta, hasierako emozinoak baztertuta, eroso egon zinen Onintzagaz kantuan?
Ez dakit lasaitzera heldu nintzen. Dana dala, han egon ginen zortzikoteko edozeinegaz gustora egingo neban buruz burukoa, ez dot uste exijitzen hasteko momentua zanik. Egia da Onintzagaz bereziki gustura kantetan dodala eta zer esanik ez halako plaza eta momentu polit baten.
Bakarkakoetan bederatzi puntuko doinu bat erabili zendun txapelketa guztian, baina buruz burukoan, bakarkakoa heldu zanean, Habanera aukeratu zendun, zer dala eta?
Txapelketa aurreko hausnarketan ez neban topetan motibazinorik beste neurrietan eta niretzat tonalidade egokia eukalako aukeratu neban bederatzikoa. Momentu batean baztertu egin neban, baina Abadiñon biribil urten jatan eta doinuagaz adiskidetu nintzen. Pasetan dana da buruz burukoan neure burua emozionatuegi ikusten nebala eta bederatzikoa erabilteko patxada behar da, teknika eta zehaztasun handia eskatzen ditualako. Habaneran egin neban bakarkakoa, esan behar nebana sartzeko espazio gehiago emoten eustalako.
Bakarkako horretan, ganera, gaia entzun eta atoan hasi zinen kantuan, halakoetan normala izaten dan pentsetako tartea hartu barik. Hori be urduritasunagatik izan zan?
Zortziko Txikian egin neban laprastadaren itzala neukan buruan eta, hortaz, pentsau neban irabazi gura izan ezkero, baliozko zeozer egin beharko nebala. Banekian nora heldu gura neban eta asko pentsau barik hasi nintzen kantuan, apostu modura.
Azken bakarkako horretan batutako puntuei esker hartu zendun aurrea, eta puntu erdiagatik irabazi. Egin dozu berba Onintzagaz finalaren inguruan?
Alkarregaz egon gara, besarkada asko emon deutsaguz alkarri, baina buruz burukoa sakon aztertzeko tarterik ez dogu hartu oraindino; egongo da analisietarako astia. Oraingoz, egin doguna ospatzea izan da.
Gaurkotasun handiko gaiak, une honetan gizartea arduratzen dabenak, izan zenduezan kanturako. Bertsolariok gurago dozuez halakoak?
Niri gustetan jat gaiak zehatzak izatea. Ez dot uste 5.000 pertsona gu entzutera etorten diranik guk kontu hutsalei buruz kantetako. Hasierako agurrean esan neban, bertsoa arma bat da gure mundu hau aldatzeko edo, gitxienez, jenteari pentsau eragiteko. Beharrezkoa da gizartean dagozan zalantzak eta aldaketarako nahiak guk lehen lerrora ekartea.
Palestinako zapiak jantzita urten zenduen oholtzara zortzi finalistok eta Idoia Anzorandia gai-jartzaileak. Aurrez pentsautako keinua izan zan, ezta?
Finalaren aurkezpena egin genduan egunean adostutako zeozer izan zan. Moduren batean edo bestean Palestinako genozidioa aitatzeko hautua eginda geunkan danok, eta Xabati [Galletebeitia] otu jakon zapi palestinarra eroatea danok, oholtzarako bidean dagoan hasierako pasillo moduko horretan. Guztioi begitandu jakun keinu indartsua, lanean hasi aurretik aldarri hori eginda geratu zan.
Hurrengo urte biotan zeu izango zara Bizkaiko txapelaren jabe. Zelan egingo deutsazu aurre erantzunkizun horri?
Orain arte izan dodan bertsotarako jarrerari eta gorputzaldiari eustea da nire asmoa. Txapelek, batzutan, ateren bat edo beste zabaltzen laguntzen dabe eta, halakorik etorriz gero, ni pozarren joango naz. Zabaltzen diran ateei haginka egiteko gosez nago. Hurrengo txapelketan, beharbada, txapelaren pisua igarriko dot, baina momentuz gustora nago, txapela ez da oztopo nire jardunean.
Zu txapeldun eta Onintza bigarren. Lilibertson luzaroan egindako lanaren saria izan da Bizkaiko Txapelketa?
Poz kolektiboa da, bai. Finala amaitu zanean, pabilioitik apur bat lekuz kanpo urten neban, zer pasau zan ondo-ondo asimilau barik. Momentu horretan bizi izandakoa betiko gogoratuko dot, han etorri ziran bertso-eskolako kideak, barru-barruko poz bategaz, kantuan eta ospatzen. Hori ikusi nebanean erdi hipnotizauta geratu nintzen bertso-eskolakoen pozari begira. Gaua luzatu egin zan gero Bilbon. Poz partekatuak dira politenak.
Zelan gogoratzen dozu bertsotan hasi zinaneko sasoia? Lilibertsoren bidez zaletu zinen?
22 urtegaz hasi nintzen bertsotan, ni ez nintzan eskolarteko txapelketetara joan, ez gaztetxuentzako sariketetara. Zalea bai, beti izan naz, nerabetan sarri joaten ginen inguruko saioak entzutera. Ganera, Ander Elortegi, Lilibertsoko erreferenteetako bat, futboleko gure entrenatzailea be izan zan, kasualidadez. Halako txikikeriek emon eusten loturea bertsoagaz. Gehien-gehien gogoratzen dodaz Ibaigaz [Amillategi] emondako lehenengo pausoak, bertso-eskolatik kanpo, gustoz hasi ginen ahalegintzen, inok lagundu barik bertsotan ikasten. Ibai eta biok txikitatik gara lagunak, kuadrilla berekoak gara. Gero emon genduan pausoa Lilibertsora joateko, baina ez dodaz ahaztuko Ibaigaz emondako ordu hareek guztiak. Lilibertsora etorri ginenean be, ezin ahaztu Astran barikuetan goizaldeko orduak arte zelan ibilten ginen bertsotan, lagunartean, modu zoroan.
Hain zuzen be, Ibai Amillategigaz kantau zenduan Bermeoko finalaurrekoan. Txapelketa batean lehenengo aldiz kantau zenduen alkarregaz?
Bai, ordura arte ez jakun egokitu saio berean egotea . Niri ilusino berezia egin eustan finalaurreko oholtza beragaz partekatzeak, alkarregaz kanteteak. Ganera, Zortziko Txikian uste dot bertsoaldi polita genduala, barraka batetik buruz behera dindilizka geratu diran lagun biren papelean.
Gaur egun Donostian bizi zara. Segitzen dozu loturarik izaten Lilibertsogaz?
Bai, ze nik askotan esaten dot A8an bizi nazela. Donostian bizi naz, han Añorgako jenteagaz-eta asko ibilten naz bertsotan, baina nire bertso-eskola Lilibertso da, eurekaz antolatzen dodaz saioak.
Busturialdeko bertsolariak fin ibili zarie aurtengo Bizkaiko txapelketan. Osasuntsu dago eskualdeko bertsolaritza?
Bai, ze Onintza eta biok finaleko buruz burukora heldu ginen, baina ez hori bakarrik. Ez da ahaztu behar Enare Muniategi finalaurrekoetan egon zala, Gautegiz-Arteagakoa da eta arpegi barrietako bat izan zan. Aurreko txapelketan be Koldo Gezuraga ibili zan finalaurrekoetan. Baina txapelketako sailkapenetatik harago be bai, Lilibertsoko bertsolari asko dabilz gure inguruko plazetan maila ederrean. Badago zeini begiratu, eta hori ona da, ze horrek eragingo dau lilikide barriak erakartea.
Beraz, etorkizun ona ikusten deutsazu Busturialdeko bertsolaritzari.
Bai, duda barik.





