Aratuste martitzeneko Tabernen Mozorro Txapelketarako izen-ematea martxan dago jada Bermeon, eta parte hartu nahi daben establezimenduentzako otsailaren 13ko eguerdiko 12:00ak izango da azken aukera. Ekimen hau Bermeoko Udalak antolatu du, herriko ostalaritzak Aratusteetan izan ahal daben ekarpena areagotzeko eta herriguneko giroa modu bisual eta koherentean indartzeko.
Udalak nabarmendu dau lehiaketak tabernen parte-hartze aktiboa sustatu nahi dauela, apaindura tematikoen eta tabernariek aukeratutako mozorroen bidez. Iaz hamalau establezimenduk hartu eben parte, eta datu horrek erakusten dau ostalaritzak ekimenarekiko duen interesa eta erantzun sendoa.
Parte hartu nahi daben tabernek Kultura eta Hezkuntza Sailaren bulegoan eman beharko dabe izena; horretarako, telefono bidez edo posta elektronikoz jarri ahal dira harremanetan. Izena emoteko epea ixtean, udalaren sare sozialetan argitaratuko da parte-hartzaileen zerrenda.
Otsailaren 17an, goizeko 11:00etatik aurrera, tabernek euren proposamenak prest izan beharko dabez: lokalak dagokion gaiari lotuta apainduta eta tabernariak mozorroarekin. Parte-hartzaile bakoitzak identifikazio-kartela jasoko dau, ikusgai jarri beharrekoa.
Epaimahaia Jai Batzordeko ordezkariek osatuko dabe. Bisita laburrak egingo dabez goiz osoan zehar, eta honako irizpideak baloratuko dabez: dekorazioaren originaltasuna, erabilitako materialen jasangarritasun-maila, mozorroaren eta apainduraren arteko koherentzia, eta euskararen presentzia.
Hirukote sariduna eguerdian bertan jakinaraziko dabe eta sariak hurrengoak dira:
1. 200 euroko otzara
2. 150 euroko otzara
3. 100 euroko otzara
Saridunen informazioa udalaren webgunean eta sare sozialetan argitaratuko da.





