Odolkideak Gernikaldeko Odol emoileen alkarteak balorazino positiboa egin dau 2025. urteko odol emotea dala eta.
Argitaratu barri diren datuen arabera, eskualdeak guztira 1.281 odol emote egin ebazan, hau da, 83 odol emote gehiago izan ziren aurreko ekitaldian baino (1.198). Hazkunde horrek herriko kate solidarioaren sendotasuna indartzen dau, eta, bereziki, Gernika-Lumok daukan papera nabarmentzen da; izan ere, 1.000 biztanleko 49,26 emote egiten dira, eta kopuru horrek nabarmen gainditzen dauz Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatutako autosufizientzia-mailak, mila biztanleko 37 eta 38 artekoak.
Eta Galdakaoko zentroan aferesi bidez egindako odol emoteak beste 65 unitate gehitu eutsezan zenbaketa orokorrari.
Odol emoileen artean % 64 gizonezkoak dira eta % 36 emakumezkoak. Nabarmentzekoa da 45 emoile berri sartu direla, eta lehen aldiz egin dabela bat ekimen horrekin.
Eta ddol arruntaz gain, Odolkideak elkarteak plasmaren garrantzia azpimarratu dau, 2025ean 65 odol emote egin zirelako. Modalitate hori indartzeko, kanpaina aktibo bat hasi da www.donantesdesangre.eus web eta app-aren bidez, eta aukera teknikoak aztertzen ari dira, etorkizun hurbilean plasma emotea zuzenean Gernika inguruan egin ahal izateko, joan-etorrien beharrik barik, azaldu daben bezala “Gernika mailan, urte emonkorra izan da orokorrean, eta bai odol osoan (busean emoten dana) edo plasmaferesiaren bidezkoan maila ona erakutsi dabe. Odola emoteko betiko erea (odol osoa) edo konbentzionala Europa osoan aldatzeko bidean dago: odolaren erabileran beharrizan asko be asko onkologia-botika eta hemoderibatuak dira. Horren ondorioz, plasmaferesiak aparteko indarra hartu eta hartuko dau, eta gaur-gaurkoz barruntetan da bihar-etzi garrantzitsuagoa izango dala, izan be hobeto aprobetxetan da odola bera. Gernikaldekoen plasmaferesi-emoteak aurreko urteetan baino gehiago izan dira: 65 guztira. Gerora begira Gernikaldean bertan plasma-donazinoa egiteko lekua euki gura dogu, emoileak Usansolora joan beharrik ez eukiteko”.
Orokorrean, antolatzaileek eskualdeko biztanleen konstantzia eskertu nahi izan dabe, 2026an emaitza bikain horreei eusteko gazteenen interesa bereganatzen jarraitzea “ezinbestekoa” dela azpimarratuz.
Eta inguruko herrietako datuek ere joera egonkorra erakusten dabe, aurreko urtearekin alderatuta 7 odol emote gehiago egin dira. Horrek erakusten dau Gernikaldeko elkartasuna ez dela unean uneko gertaera bat, komunitatean sakon errotutako ohitura bat baizik.
Odolemoterako hurrengo hitzorduak eskualdean
Odolkideak gogoratu dau ere zeintzuk izango diren odola emoteko hurrengo hitzorduak eskualdean. Unitate mugikorra Gernika-Lumon hasi da, otsailaren 2an, astelehena, eta 9an, astelehena, bueltatuko da Artekalea-Foru plazan, eta arreta-ordutegia etengabea izango da, goizez, 09:30etik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:30etik 21:00etara.
Hilaren amaiera aldera, Bermeoko herritarrek hitzordua eukiko dabe otsailaren 25ean, eguaztena, Lamera inguruan, 16:30etik 20:45era.





