Bermeoko portuak espazioa eta eraginkortasuna irabaziko dauz

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Bermeoko portu komertzialean zerbitzu-pabiloi baten berrikuntza eta handitzea bultzatuko dau. Jarduketa horri esker, merkantzien kudeaketa hobetuko da, portuko lurzoruaren erabilera optimizatuko da eta udalerriari lotutako jarduera ekonomikoa indartuko da.

Jarduketak gaur egungo pabiloia botatzea aurreikusten dau, egoera kaskarrean dagoelako eta edukiera mugatua dauka momentu honetan, eta biltegiratze-azalera handiagoa izango dauen eraikin berri bat eraikitzea. Eraikin berriak portuan jarduten daben kontsignatarioek espazioarekiko daukan gero eta eskaera handiagoari erantzuteko aukera emango dau, bai itsasontzietatik bai kamioietatik datozen edukiontzietan sartu gabeko merkantzien biltegiratzea erraztuz.

Hobekuntza horrek portu ordenatuago, eraginkorrago eta funtzionalagoa ekarriko dau, Bermeoko herritarrentzat onura argiekin. Portuko espazioen antolaketa hobeak jarduera logistiko arinagoa ahalbidetuko dau, portuko bideetan interferentziak murriztuko dauz eta portu komertzialak tokiko indar ekonomiko gisa daukan eginkizuna indartuko dau.

“Instalazio honen modernizazioa Bermeorentzat eta bermeotarrentzat lehiakorragoa, hobeto antolatua eta erabilgarriagoa izango den portu baten aldeko apustua da”, adierazi dau Amaia Barredo sailburuak.

Jarduketa honetara bideratutako inbertsioa 670.269,64 eurokoa da (BEZa barne). Obrari esker, nabarmen hobetuko dira Bermeoko portu komertzialaren azpiegiturak eta herritarrentzako zerbitzua.

Esku-hartzea Bermeoko Portuaren indarrean dagoen plangintzara egokitzen da, eta erabilgarri dagoen lurzoru eraikigarria ahalik eta gehien optimizatzea ahalbidetuko dau, zerbitzuak instalazio bakar moderno batean kontzentratuz, egungo beharretara egokituta. Horrela, Eusko Jaurlaritzak portu-azpiegiturak hobetzeko eta kostaldeko udalerrien garapen jasangarria sustatzeko daukan konpromisoa indartzen dau.

Jarduketa hau Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren estrategiaren parte da, euskal portuak azpiegitura eraginkorrago eta funtzionalagoez hornitzeko, betiere herritarren eta tokiko ehun ekonomikoaren onura ardatz hartuta.