Gerika-Lumoko Elai Alai aretoan aurkeztu ziren espazio irisgarriak, freskoak eta hurbiltasunekoak definitzen dabezan prozesu parte-hartzailearen ondorioak.
Proiektuak udalerri osoan zehar banatutako 46 espaziok osatutako sare bat sortzea proposatzen dau: kanpoko 36 babesleku, batez ere itzala, landaretza eta aireztapen naturala daukien parkeak eta plazak; barruko 6 babesleku, baldintza termiko erosoak daukazen eraikinetan kokatuta; eta 4 espazio potentzial, etorkizunean hobekuntzak edo akordioak eginez sarean sar ahal direnak. Horiek guztiak fitxa tekniko indibidualizatuen bidez definituko dira, seinaleak erabiliz identifikatuta, eta informazio-liburuxka batean jasoko dira, bero-boladei aurre egiteko kokapen-planoak eta gomendioak barne.
Jon Lejarraga Ingurumen zinegotziak esan eban moduan “sarea ez da larrialdiko irtenbidea, eguneroko prebentzio- eta zaintza-tresna baizik” eta gaineratu eban helburua dala “edonork jakitea, etxetik hamar minutu baino gutxiagora, berotik babesteko leku bat daukala, baldintza duin eta seguruetan”.
Sarearen diseinuak Ihobek ezarritako jarraibideak jarraitzen dauz, espazio bat klima-babeslekutzat hartzeko funtsezko zazpi baldintza zehazten dabezenak: irisgarritasun unibertsala, sarrera librea eta doakoa, hurbiltasuna, erosotasun termikoa — 26 gradutik beherako barne-tenperaturekin —, ordutegi egokiak bero-hilabeteetan, oinarrizko zerbitzuen eskuragarritasuna eta seinaleztapen argia. Kanpoko aterpeei dagokienez, itzala, landaretza eta aireztapen naturala duten espazioak lehenesten dira, nahiz eta, salbuespen gisa, lurralde-estaldura indartzeko iturririk edo komunik ez duten batzuk sartu diren.
Sarea aurtengo maiatza eta urria bitartean egongo da martxan, eta arreta berezia jarriko da eguneko erdiko orduetan, orduan arrisku termikoa handiagoa dalako. Barruko aterpeetarako, hau da, Santa Luziako baseliza eta gizarte-etxea, Merkatu Plaza, Jai-Alai frontoia edo Hirugarren Adinekoen Elkartea —, bero-boladagatik alertak aktibatzen diren egunetan berorik handieneko orduetan irekitzea bermatuko ddaben protokolo espezifikoak ezartzeko beharra planteatzen da. Santanape kiroldegiaren kasuan, dokumentuak proposatzen dau aztertzea bideragarria den gertaera horietan 14:00etatik 17:00etara irekita mantentzea, nahiz eta udan itxita egon.
Tenperatura altuak, arazo bat Gernika-Lumorako
Proiektua Europako LIFE Urban Klima 2050 programaren barruan dago, Ihobek koordinatuta eta Europar Batasunak babestuta, eta Gernika-Lumorentzat bereziki kezkagarriak diren proiekzio klimatikoei erantzuten dautse. Ikerketen arabera, mende amaieran udako batez besteko tenperatura 4,1 graduraino igo ahal da, eta maximo absolutuak 40,5 gradura irits ahal da. Horrez gain, biztanleriaren zahartze-tasa handia eta hiri-beroko uhartearen eragina ere handiak dira, eta horrek zaildu egiten dau ingurune eraikia modu naturalean hoztea.
Sarea lau eremu geografiko handitan antolatzen da: Santa Luzia (hegoaldea), Erdigunea (erdialdea), Errenteria-Lorategieta (ipar-ekialdea) eta Santa Ana (ipar-mendebaldea). Bertan gune enblematikoak daukaz, adibidez Europako Herrien Parkea, Merkatu Plaza edo Jai-Alai frontoia. Beste leku batzuk, Errekazarra parkea edo Industria kalea bezala oraingoz kanpoan geratu dira itzal faltagatik edo irisgarritasun arazoengatik, nahiz eta dokumentuak identifikatu dauen hobetzeko potentziala.
Etorkizunari begira, Udalak sarea handitzea aurreikusten dau, beste erakunde batzuekin hitzarmenak sinatuz. Horri esker, eraikin estrategikoak gehitu ahal izango dira, hala nola Bakearen Museoa, Batzar Etxea, Euskal Herria Museoa edo udalerriko hainbat eliza, gaur egun babesleku potentzial gisa katalogatuta dagozenak.
Baina Lejarragak argi itzi nahi izan dau proiektu honek ez daula osasun-arreta ordezkatzen “baina arrisku-egoerak saihets ahal dauz eta muturreko bero-aldietan lasaitzeko lehen espazio bat eskaini”.





