Gautegiz Arteagako Udalak udal pilotalekua dinamizatzearen aldeko apustua egin daum horrela , legegintzaldiko programa kudeatzeko ardatz estrategikoetako bat baita. Helburu horregaz, herrian funtsezkoa dan kirol-espazio hori egokitzen aurrera egiten dau, erabilera dinamikoa, zeharkakoa eta herritarren beharrizanekin bat datorrena bermatzeko.
“Gure udal frontoia beti izan da herrian topagunea, edonori edegia eta funtzino anitzeko espazioa eskaintzen dauena. Gobernu taldetik hori dinamizatzearen eta herriko benetako beharrizanekin bat datozen zerbitzuak emotearen aldeko apustua egin dogu. Egin doguzan hobekuntzekaz, gure frontoiak, pilota jardueraz gain, pilota partida profesinonalak barne, beste kultur ekintza batzuk be hartzen dauz, halan zelan bertso jaialdiak, festetako dantza tradizionalak, eskalada bertikala eta beste kirol jarduera batzuk. Herriaren bizitzarako funtsezko ekipamendu batek eskaintzen dauzen aukerak eta gaitasunak ahalik eta gehien aprobetxetea da helburua”, azaldu dau Gautegiz Arteagako alkatea den Patrik Saituak.
Udal pilotalekuan egin diran hobekuntzen artean aldagelen erabarritze integrala nabarmentzen da, besteak beste spinning eskola birtualak egiteko balio anitzeko espazio bat prestetea barne. Jarduera hau osogarri ona da 2023an edegi zan gimnasiorako, udalerriko kirol eskaintza handitu eta indartzeko aukera emongo dauelako.
Jarduketaren barruan, dagozan instalazinoak barritu dira, banaketa barrira egokitzeko, eta aideztapen-sistema barri bat ezarri da eremu guztietan. 2025eko udal aurrekontuan jasotako inbersinoari ekiteko, udalak diru-laguntza bat kudeatu eban Bizkaiko Foru Aldundian.
Lehenago, 2023an, legegintzaldiko planaren esparruan, udal-azpiegitura hori hobetzeko, segurtasun-sare bat jarri zan frontoian, jokalariak eta ikusleak gehiago babesteko.
Hobekuntza horri esker, gainera, alde batetik, instalazinoa pilota profesinonaleko partidak hartzeko prest dago, goi-mailako lehiaketetan eskatutako baldintza teknikoak eta segurtasunekoak betez; eta, bestetik, herrian kirol eta gizarte topagune izateari eutsi deutso.
Iraunkortasuna eta ingurumenarekiko errespetua be udal-kudeaketa osoaren ardatz giltzarri eta zeharkakoak dira. Halan, azpiegituraren ezaugarriak dirala eta, 2025. urtearen hasieran plaka fotovoltaikoak jarri ziran frontoiaren estalgian, eta udal-eraikinei energia emoteko konektau dira. Energia-eraginkortasuneko proiektu horretan 48.000 euro inbertidu ziran, 45.000 euroko dirulaguntzagaz, eta energia asko aurreztea dakar, baita ekonomikoa be.





