Morga, Ereño, Arratzu eta Gautegiz Arteagak landa-bideetarako laguntzak jaso ahal izango dabez

Bizkaiko Foru Aldundiaren 5 milioi euroko inbertsioak,  lurraldean landatartasun handiena daukien udalerrietarako,  Busturialdeko Gautegiz Arteaga,  Ereño, Arratzu edo Morga udalerriei ere egingo dautsie mesede.

Ekimen honen helburua landa-bideak hobetzea eta mantentzea da, lurralde-kohesioa indartzeko eta aukera-berdintasuna bermatzeko, bizilekua edozein dela ere. Programak zuzenean erantzuten dautsie udalerriek ahaldun nagusiarekin egindako eskualde-topaketetan egindako eskaerei. Izan ere, topaketa horreetan agerian geratu zen laguntza espezifikoa behar zela landa-azpiegiturak mantentzeak dakarren kostu handiari aurre egiteko, batez ere udalerri txikienetan eta biztanleria-dentsitate txikiena dutenetan.

Jarduera Bizkaia Denontzat estrategiaren barruan dago eta estrategia horren helburua lurraldea modu orekatuan garatzea eta landa-eremuei arreta berezia eskaintzea da. Horretarako, laguntza horreek arautzen dabezan dekretuak kontuan hartuko dauz Landa Garapeneko Legean jasotako landatartasun-mapa eta biztanleria-dentsitatea, eta biztanle gitxiagoko udalek egin beharreko ahalegin ekonomiko handiena aitortuko dau.

Guztira, programa honek Bizkaiko 83 landa-udalerriri egingo dautsie mesede, eta udalerri bakoitzeko 60.000 euroko gehieneko laguntza ezartzen dau.

Laguntza aurreratuak eta tramitazio erraza

Programa Natura Ingurunearen eta Nekazaritza Sustapenaren Sailak kudeatuko dau, Nekazaritza Zuzendaritzaren bitartez, eta indarrean dagoen araudiaren arabera landatartzat jotzen diren udalerriei soilik zuzentzen jake. Laguntza hauek jaso ahal izango dabez, besteak beste, Arakaldok, Karrantzak, Lanestosak eta Ziortza-Bolibarrek, arreta bereziko eremuetan dagozenak, bai eta landatartasun handiko beste batzuek ere, hala nola Aulestik, Morgak, Ereñok, Arratzuk eta Gautegiz Arteagak, eta biztanleria-dentsitate txikiko udalerriek, adibidez Orozkok eta Balmasedak.

Dekretu arautzailea aurtengo udaberrirako argitaratzea aurreikusten da, eta 2027ko apirilera arteko epea ezarriko da laguntzak justifikatzeko.