Eguzki-plakak jarriko dabez Gernika-Lumoko Santanape kiroldegian

Gernika-Lumoko Santanape kiroldegiak urrats erabakigarria egingo dau iraunkortasunerako bidean, 272 eguzki-plaka jarriz eraikinaren estalkian.

Esku-hartze hori aurten gauzatuko da, eta udalerriko kirol-ekipamendu erabilienetako baten energia-eraginkortasunean aurrera egitea ahalbidetuko dau.

Azpiegiturak 122 kilowatt puntako (kWp) potentzia eukiko dau guztira, eta estalkiaren 650 metro koadro inguruko azalera hartuko dau. Horren ondorioz, urtean % 25 inguru aurreztuko da energia. Murrizketa horrek eragin zuzena izango dau Gernika-Lumoko Kiroletako Udal Patronatuak kudeatzen dauen zentroaren funtzionamendu-kostuetan.

Inbertsioa 159.090,52 eurokoa da guztira, eta Udalak estrategikotzat jotzen dau kopuru hori, bai epe ertainera egiten dauen itzulkin ekonomikoagatik, bai tokiko jasangarritasun-helburuei eta emisioak murrizteari egiten dautson ekarpenagatik.

Gernika-Lumoko alkate José María Gorroñok esan duenez, jarduera hori “beste urrats bat da Udalak jasangarritasunarekin eta eraginkortasun energetikoarekin daukan konpromisoan”, eta azpimarratu dau “ekipamendu publikoetan energia berriztagarrietan inbertitzea funtsezkoa dela kostuak murrizteko, baina baita ingurunearekin arduratsuagoa den udalerri eredu baterantz aurrera egiteko ere”.

Jarduera trantsizio energetikoa bultzatzera eta eraikin publikoetan energia berriztagarrien erabilera sustatzera bideratutako udal-estrategiaren barruan kokatzen da, iturri tradizionalekiko mendekotasuna murriztuz eta ingurumena errespetatuko duen eredu eraginkorrago baterantz aurrera eginez.

Obrek hiru hilabete inguruko iraupena izango dute eta, aurreikusitakoaren arabera, ez dabeeraginik izango kiroldegiaren ohiko erabileran. Beraz, kirol-jarduera normaltasunez mantenduko da esku-hartzeak irauten dauen bitartean.