Gabantxoren bigarren dohaintza jaso dau Bermeoko Sancti Spiritus egoitzak

Sancti Spiritus Udal Zaharren egoitzak Jose Manuel Gabantxo margolari bermeotarraren beste dohaintza bat jaso dau. Itsasoan eta itsas tradizioan inspiratutako lanengatik ezaguna den artistak, oraingoan, ‘Saregiñek’ izeneko margolana emon dautso egoitzari.

2021ean sortutako lan honek Bermeoko portuko arrantzaleen eta saregileen eguneroko bizitza islatzen dau, itsas jardunaren atzean dagoen lan isila eta komunitatearen indarra agerian itziz. Gabantxok ohiko dauen moduan, kolore eta xehetasunen bidez, herriaren itsas izaera eta memoria kolektiboa margolan batean bildu dauz. Bere ekoizpena, gainera, aparteko zabaltasun eta jarraikortasunekoa da: arrantza-gaiei lotutako ehunka obra sortu dauz urteotan.

Ildo horretan, Julio Ruiz de Velascok arrantzale ohiaren ibilbide artistikoa bildu dau. Argitalpen batean jaso dauz, arrantza-tematikako 50 eta 60 margolanen irudiak; horiek Gabantxoren bilduman dokumentatuta dauden 446 lanen artean aukeratu dauz. Xehetasun guztiekin bildu dauz lanok, eta herriaren ondare artistikoaren lekukotasun esanguratsua osatzen dabe.
Dohaintza hau artistak egoitzari egiten dautson bigarrena da. Izan ere, iaz ‘Bermeoko enbarkazioak’ margolana emon eban, eta hori ere egoitzako areto nagusian dago ikusgai. Bi lanek osatzen daben multzoak Bermeoren itsas historia, portuaren iraganeko pasarteak eta herriak itsasoarekin daukan lotura estua gogorarazten dabe.

‘Saregiñek’ margolana egoitzako areto nagusian jarriko da ikusgai, egoiliarrek eta bisitariek horretaz egunero gozatzeko. Lan honek, espazioa edertzeaz gain, oroitzapenak, elkarrizketak eta bizipen partekatuak pizteko balio izango dau, bereziki itsasoarekin lotura zuzena izan daben belaunaldien artean.

Gaur goizean, zaharren egoitzan bertan, ‘Saregiñek’ margolana udal ondasunen barruan geratzen dela baieztatzeko dokumentua sinatu dabe. Ekitaldian Bermeoko Udaleko ordezkariek, egoitzako arduradunek eta egoiliarrek parte hartu dabe, eta guztiek eskerrak emon dautsiez margolariari bere eskuzabaltasunagatik eta herriarekin daukan konpromiso irmoagatik.

Bermeoko Udalak eta Sancti Spiritus Udal Zaharren egoitzako komunitate osoak eskerrik beroenak emon nahi dautsiez Jose Manuel Gabantxori, egindako ekarpenagatik eta herriaren ondare artistikoa aberasten jarraitzeagatik.