Busturialdean liztor asiarrari aurre egiteko bost hitzaldi egongo dira

Urremendi Landa Garapenen Elkarteak eta Bizkaiko Erlezainen Elkarteak bost hitzaldi informatibo berri antolatu dabez Busturialdeko eskualdean liztor asiarraren inguruan (Vespa velutina). Bilerak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin egingo dira, zezeilan eta martian, hainbat udalerritan, espezie inbaditzaile horri buruz kontzientziatzeko, informazioa emoteko eta tresna praktikoak eskaintzeko.

Liztor asiarra mehatxu zuzena da biodibertsitatearentzat, ekosistemen orekarentzat eta, bereziki, erlezaintzaren sektorearentzat, erleen populazioei eta, horrekin batera, polinizazioari eta natura-ingurunearen iraunkortasunari modu larrian eragiten dautsielako. Testuinguru horretan, Urremendik eta Bizkaiko Erlezainen Elkarteak ekintza prebentibo eta komunitario gisa bultzatzen dabez hitzaldi horiek, herritar guztiei zuzenduta, batez ere baratze edo lorategiak daukazenei, tokiko elkarteei eta udal-agenteei.

Aitziber Ansotegi Urremendiko gerenteak adierazi dauenez, “liztor asiarraren aurkako borrokak informazioa, koordinazioa eta herritar aktiboak behar dauz. Hitzaldi honen helburua jendeak identifikatzen jakitea, segurtasunez jardutea eta gure ingurunea babesten laguntzea da”.

Hitzaldiak doakoak eta irekiak izango dira, eta egun eta leku honeetan egingo dira:

• MORGA – Zezeilak 27, 18:30ean, udaletxean

• EREÑO eta NABARNIZ – MArtiak 13, 19:00etan, Ereñoko udaletxean

• GAUTEGIZ-ARTEAGA – Martiak 18, 19:00etan, Udaletxean

• AJANGIZ – Martiak 20, 19:00etan, Kultur Etxean

• SUKARRIETA eta MUNDAKA – Martiak 27, 19:00etan, Sukarrietako yoga aretoan

Ekimen honekin, Urremendik eta Bizkaiko Erlezainen Elkarteak natur ingurunearen defentsarekin eta tokiko erlezaintzari laguntzearekin daukien konpromisoa indartzen dabe, eskualdean gero eta eragin handiagoa daukan ingurumen arazo baten aurrean erantzun kolektiboa sustatuz.