Gernika-Lumoko zurezko zubia, itsasadarrarekin lotzen dauena, aldatu egingo dabe.
Egungo egiturak ageriko higadura eta behin-behineko konponketak daukaz, eta 30 urtez baino gehiagoz jasan dau egunero araztegi periferikoetako lohi likidoz kargatutako kamioi astunak igarotzea.
Hiru hamarkada baino gehiagoren ondoren, Udalak erabat ordezkatzea erabaki dau. Obraren aurrekontua 297.951,73 eurokoa da, 7 hilabeteko iraupena eukiko dau eta oinezkoentzat, txirrindularientzat eta ibilgailuentzat pasabide seguruagoa ahalbidetuko dau. Alkateak adierazi dauenez “daukagun zubiak ez dautsie erantzuten gure herritarrek eskatzen dabezan segurtasun- eta iraunkortasun-eskakizunei”.
Diseinu barriak egungo pasabidearen egur-identitateari eutsiko dautso, baina iroko-zura izango dau, hezetasunarekiko erresistentziagatik eta kanpoko inguruneetan dauen iraunkortasunagatik aukeratua. Horrez gain, beroan galbanizatutako altzairuzko indargarri metalikoak eukiko dauz euskarri-puntu kritikoenetan. Erdiko zatiaren luzera 26 metrokoa izango da, 7 metroko altuera gaindituko dau eta kareharrizko mailak izango dauz. “Helburua hamarkada askotan urrats seguru bat bermatzea da. Esku-hartze hori azpiegituren udal-planaren parte da, hiri-espazioen segurtasuna, jasangarritasuna eta integrazio estetikoa hobetzea helburu daukena “, gaineratu dau alkateak.





