Mundakako EAJ/PNVk eta EH Bilduk akordioa lortu dabe Udal Aurrekontuak onartzeko eta bide garbiketaren eta zabor bilketaren lizitazioa aurrera ateratzeko. Bi alderdiek elkar ulertzeko gaitasuna eta hurbiltzeko ahalegin zintzoa erakutsi dabe, eta udalerriaren interesa lehenetsi dabe beste desberdintasun batzuen gainetik.
Bide garbiketako kontratu berria martxan jartzea, udalerrirako hobekuntza garrantzitsuak dakarrena eta bi alderdiek ere parte hartu dabena, ez zen bideragarria aurrekontuak onartu barik, udal kontuei zuzenean lotuta dagoelako.
Lortutako akordioa elkarrizketa eraikitzaile baten emaitza da, seriotasunez eta errespetu instituzionalarekin garatua, eta herritarrei benetan axola jakezan gaiei lehentasuna emotera bideratua. Talde bakoitzaren hasierako asmo guztiak jasotzen ez badauz ere, oreka-puntu bat da, bi aldeen lehentasunei behar bezala erantzuten dautsiena.
Akordio horri esker, zerbitzu publikoen jarraitutasuna, udalerriaren egonkortasun ekonomikoa eta proiektu estrategikoen sustapena bermatzen dira, Mundakako herritarren konfiantza indartuz, erantzukizunez eta elkarrizketarako gaitasunez jokatzen daben erakundeengan.





