2025eko uztailan iragarritako bideari jarraikiz, Bermeoko Udalak beste urrats bat egin dau udalerria Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzeko prozesuan. Osoko bilkurak onartu dau Eusko Jaurlaritzari eskaera formala egitea, betiere indarrean dagoen Etxebizitzaren Legeak ezarritako prozeduraren baitan. Eskaera egitea EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin onartu da; EAJk, berriz, aurka bozkatu dau, honen ustez neurria “ez dago behar bezala justifikatuta eta alokairuko etxebizitzen eskaintza are gehiago murriztu ahal dau”, eta gaineratu eben arazo nagusia etxebizitza erabilgarrien eskasia dala, “eta ez espekulazio orokor bat”.
Dena den, erabakiak ez dakar berekin automatikoki izendapena; aitzitik, dagokion administrazio-prozedura hasteko ekimena da. Izendapena Eusko Jaurlaritzak egin behar dau, berak aztertu eta ebatziko dauelako espedientea.
Araudiak ezarritako betekizunak aintzat hartuta, Bermeoko Udalak eskaerarekin batera aurkeztu beharreko diagnostiko, justifikazio memoria zein ekintza-plana gauzatu eta onartu dauz. Lehen biek udalerriaren egungo egoera islatzen dabe; azkenak, ostera, etxebizitza-merkatuan detektatutako desorekak zuzentzeko neurri multzo egituratua jasotzen dau, epe labur, ertain eta luzerako jarduketekin, eta tentsio-egoerari modu integralean erantzutea dauka helburu.
Azterlan teknikoek erakusten dabenez, 2018-2023 aldian alokairu-errentek %20,2ko hazkundea izan dabe Bermeon (459,9 eurotik 552,9 eurora batez beste). Hazkunde hori KPIaren igoeraren (%16,5) gainetik dago, eta, hortaz, araudiak ezarritako baldintzetako bat betetzen dela ondorioztatu da: alokairu-errentaren azken bost urteetako igoerak Autonomia Erkidegoko kontsumo-prezioen indizearen (KPI) hazkunde metatua ehuneko hiru puntutan gainditzea.
Bestalde, salerosketa prezioen bilakaerak (2019-2024) ez dau KPIa gainditu (%10,9eko igoera), eta etxebizitza ordaintzeko ahalegin ekonomikoa ere %30eko mugatik behera dago (%24,9). Hala ere, udalaren iritziz, datu kuantitatibo hutsetatik harago, udalerriko etxebizitza parkearen egiturazko ezaugarriek —etxebizitza hutsen portzentaje handiagoa eta biztanleriaren ziklikotasuna— merkatuaren tenkadura areagotzen dabe.
Izendapena gauzatuz gero, Bermeok etxebizitza-merkatuan esku hartzeko tresna juridiko eta administratibo gehiago izango ebazan. Besteak beste, prezioen kontrolerako mekanismoak aplikatzeaz aparte, izendapenaren indarraldian zehar etxebizitza turistikoen (VT) lizentzia berriak etenda geratuko ziren, Eusko Legebiltzarrak Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Presazko Neurriei buruzko 6/2025 Legeari jarraiki.
Izendapenak hiru urteko indarraldia izango leuke, eta epe hori amaitzean berrikuspena egin beharko zan.
Gobernu taldeak berretsi dau etxebizitza dala bere lehentasun estrategikoetako bat: “Gobernu talde honentzat lehentasun nagusietako bat da etxebizitza. Lehenengo egunetik lanean ari gara Bermeo herri bizia, bizigarria eta guztiontzat irisgarria izateko. Bermeo Etxebizitza Gune Tentsionatu izendatzea funtsezko urratsa da etxebizitza-merkatuaren desorekak zuzentzeko eta espekulazioari aurre egiteko. Etxebizitza eskubide bat dela ezin dogu ahaztu, eta berretsi nahi dogu herriaren interes orokorraren alde lanean jarraituko dogula”.





