Urtarrilaren 31n, Busturiko Madariaga Dorretxeko Ekoetxean, Danon Eskola Publikoa sarearen aurkezpen ofiziala egin eben. Bizkaiko 25 eskolak eta hamahiru guraso alkartek sortu dabe egitasmoa. Hezkuntza sistema publikoa indartzea eta eragileak alkarren artean ehuntzea dau helburu.
Egun handia izan zan urtarrilaren 31, izan be, eskualdeko hezkuntza komunidadea sustatu eta hezkuntza publikoa sendotzeko pausoak emon ziran. Busturiko Madariaga Dorretxeko Ekoetxean, Danon Eskola Publikoa sarearen aurkezpena egin zan. Zornotzatik Bermeora, 25 eskolak eta hamahiru guraso alkartek, 4.000 familia pasatxu eta 5.000 ikasle inguruk osotzen dabe sarea, baita 700 irakasle baino gehiagok be.
Egitasmoaren helburu nagusiak ondokoak dira: sistema publikoa indartzea eta berau osotzen daben eragileak alkarren artean ehuntzea dau helburu.
Zornotzaz gan, Busturialdeko ondoko udalerri honeek parte hartu dabe ekimenean: Muxika, Gernika-Lumo, Arratzu, Gautegiz Arteaga, Natxitua, Busturia, Mundaka eta Bermeo. Hori dala-eta, herriotako ordezkaritza politiko eta instituzinonal zabala izan zan Ekoetxeako aurkezpenean.
Aurkezpenean adierazo ebenez, oso ondo pentsautako egitasmoa da: Eskola Publikoa herriaren bizkarrazurra da, halanda ze, hori sustatzeko bide bakarra alkarlana da. Guztiok, eskolak, alkarteak, gurasoak, ikasleak eta irakasleak, sinisten dogu proiektu honetan, izan be, idea berbera daukagu: kalidadeko hezkuntza euskaldun, inklusibo eta dobakoa bermatzea.
Horreezaz gan, transbertsaltasuna indarguneetako bat dala adierazo dabe: proiektuak ikastetxeetako klaustroen eta zuzendaritzearen babesa dauka, halanda ze, komunidade osoaren babesa islatzen dau.
Ekitaldian, aurkezpenaz gan, ondoko honeek izan ziran giroa alaitzen: ohorezko aurreskua, ikasleen performanceak, tanbolin doinuak, Asier Galarza Garai bertsolari muxikarraren parte-hartzea, eta baita bertsolari gaztetxoena be.
Bestalde, ikasketa etapa guztiak hartu ditue kontuan. Beraz, Sareak, 0 eta 2 urte bitartekoen Haurreskolak, Ume eta Lehen Hezkuntza (HLHI), Bigarren Hezkuntza (BHI), Lanbide Heziketa (LH), Musika Eskola Publikoak eta Helduen Hezkuntza (EPA) hartzen ditu.
Edozelan be, sinergiak sortzeari emon gura deutse lehentasuna. Holan, gurasoen eta guraso alkarteen ordekaritzea be ez zan falta izan aurkezpen ekitaldian. Horreek, funtzeskoak dira komunikazinoa eta koordinazinoa jorratu eta hobetzeko: hori da erronka nagusietako bat, izan be, gurasoen borondatetik, ilusinotik eta konpromisotik jaio da egitasmoa.
Gainera, sarea ondoko bost baloretan oinarritzen da: Inklusinoa eta Aukera Bardintasuna, Zuzentasuna eta Justizia Soziala, Kalidadeko Hezkuntza Profesionala, Demokrazia eta Parte-hartzea, eta Euskalduna eta Gertukoa. Horreezaz gan, baliabideak optimizetea da asmoa: esperientziak, materialak eta proiektuak eragileen artean alkarbanatuz. Gainera, eskualdearen kohesinoari be garrantzia emon deutse, herrien arteko mugak gaindituz eta eskualdeko hezkuntza indartuz.
Aritz Zearra
Aritz Zearra Gernikako Allende Salazar Eskolako zuzendaria da. Egitasmoari buruz gehiago jakiteko, Bagabiz Aldizkariakek Aritz alkarrizketau dau.
Zergaitik sortu dozue Danon Eskola Publikoa sarea?
Guraso Alkarteak sortu dau ekimena, alkar ezagutzen joan garen heinean. Gainera, ni be horren parte naz. Holan, alkarte ezbardinek sekulako lana egiten dogula konturatu gara. Beraz, hausnarketea sortu da gure artean: lana bateratzea eta logo eta marka baten inguruan saretzea. Danon artean esfortzuak batuz, askoz indartsuagoak garela pentsetan dogu. Horrezaz gan, komunidadiari gure asmoak zabaltzeko beharra ikusten genduan. Danon Eskola Publikoa, ondoko eremu honeetara zabaltzea gura dogu: Ume-Eskolea, Ume eta Lehen Hezkuntzea (HLHI), Bigarren Hezkuntzea (BHI), Lanbide Heziketea (LH), Musika Eskola Publikoak eta Helduen Hezkuntzea (EPA), Hizkuntza Eskolea eta Nautika Eskolea. Hori zan eta da zergaitia.
Saretze horrek, oso handiak egiten gaitu. Gainera, eremu handiagoa hartzen dogu.
Erantzuna oso positiboa dala emoten dau, 25 eskola, hamahiru guraso alkarte, 4.000 familia pasatxo eta 5.000 ikasle… Harro egoteko moduan…
Bai, oso harro. 25 eskola eta hamahiru guraso alkarte. Hori bai, egun 4.000 familia eta 5.000 ikasle bainoa asko gehiago gara, izan be, kontu horreek 14-15 eskola ginazenean kalkulau genduazen. Hori gitxi balitz, 700 ikasletik gora osotzen dogu sarea: danok ados, danok batera, norabide bardinean arraun egiteko konpromisoa hartuta.
Danon Eskola Publikoa entzuten dogunean, espektro guzti hori hartzen daben eskola publikoa erakustea gura dogu. Eta bai, erantzuna upealakoa izan da eta oso pozik gagoz.
Zeintzuk dira egitasmoaren helburuak?
Egitasmoaren helburua ondokoa da: Danon Eskola PIublikoa izenpean saretzea, gure errekursoak optimizatuz.
Horrezaz gan, norabide konkretu bat eta lehenengo zutabe bat eregiteko helburua daukagu: komunikazino arloa hain zuzen be. Arlo horretan, gure ustez, lan oso polita dago egiteko. Bertan zabaldu behar dogun mezua ondokoa da: Danon Eskola Publikoaz harro gagozela, jaiotzetik infinotarte erantzuna emoten dauela, auzoetako pausuetako anistazuna bermatzen dauala (aberastasun konbertiduz) eta eskoleak ispilu izatea gura dauela.
Gainera, eskoleak aukera bardintasuna emoten dau: edozein jatorri edo egoera sozial edo ekonomikoa izanda. Saretze horrek indar handia dauka eta hori martxan dagoala, gizarte ekitatibo, inklusibo, anitzago eta euskaldunagoa lortuko dogu. Hori da saretzearen helburua.
Busturiko Madariaga Dorretxeko Ekoetxeko aurkezpenaren helburua horren barri emotea izan zan.
Zeintzuk dira erronkak?
Gure erronka nagusietako bat herrietako kale, ekitaldi, azokea, arrain azokea edo urriko azken astelehena lako egitasmoetan protagonismoa izatea da: materiala salduz eta ikusgai egotea, danon begira jarriz. Hortik, erronkea da irabazi asmorik bako finantzizazinoa lortzea, komunikazinora bideratzeko: eskoletako web-orriak, matrikulazino kanpainetan egiten diran kartelak, baita bideo eta triptikoak be… danak izateko gure logoa eta presentzia.
Holan, sare handia garela transmitiduko dogu. Halanda ze, Bermeon ikusten dogun kartel horrek lotura zuzena izatea Zornotza, Gernika edo Arteakoagaz. Danok Eskola Publikoa gara eta Danon Eskolan Publikoan sinisten dogu.
Bihar-etzi, non gustauko jatzuen egotea?
Uste dogu saretze horrek lagundu ahal dauala Danon Eskola Publikoren idea ahalik eta alderdi politiko gehienek onartzea eta horren alde egitea, baita osen esanez be.
Gaur egungo egoera sozialari aurre egiteko, Eskola Publikoa da tresna aproposena. Ondoko gauza honeek jagoten ditugu: anistazuna, aukera bardintasuna, edozein jatorri eta egoera ekonomiko daukan edonori laguntzea eskaini, umeari merezi daben aukerea emoten jako…
Gustauko jakun, eretxi horregaz aldarrikatzen ditugun zutabeak, alderdi politikoek be aldarrikatzea, gaur egungo testuinguru sozialari erreparatuz.
Zein da Allende Salazar Herri Eskolearen plana egitasmo hori bultzatzeko?
Allende Salazar Herri Eskolearen guraso alkarteak sortu eta biztu dau su hau. Beste guraso alkarteekaz koordinatu da, Allendeko zuzendaritza eta irakasle taldeakaz batera. Era berean, bertako zuzendari eta irakasleak, koordinau gara beste eskoletako zuzendaritza eta eta irakasle taldeekaz.
Azken finean, jakitun gara etapa barri bat datorrela eta ezinbesteakoa dala harro egiten deuskun eskola publikoaren sarea lau haizetara zabaltzea. Horretarako, ezinbestekoa da komunikazinoa jorratzea. Guraso barriak diranak eta ez diranak be, konsziente izatea euren seme-alabak eskola publikora eroatea gizarte hobe baterantz egitea dala.
Mezu berezirik?
Amestu daigun danok egindako, danona dan eta danontzako dan Eskola Publiko bakarraz.





