Patata barrubeteak haragia eta barazkiekin

Osagaiak

  • Kg bat patata ertain
  • Tipulin bat, pikatua
  • Piper berde bat, pikatua
  • Alberjinia bat
  • Tomate saltsa apur bat
  • Kg erdia haragi txikitua (txahal, behia eta txerria, gizenarekin, mamitsuagoa izan dadin)
  • Oliba olioa
  • Irina, arrautza joa eta ogi birrindua
  • Gatza

 

Errezeta

Uretan egosiko doguz patatak, gatz apur batekin. Xiketu eta egosi diren kazola berean utziko doguz pausatzen, urik gabe eta tapaturik. Erre gabe erabili ahal izango doguzan unean zurituko doguz. Puregailu batetik pasatuko dogu ondoren mamia.

Kazola batean olio apur bat isuri eta hartan eztituko dogu tipulina, piperra, alberjinia, dadotan moztua eta gatz pixka bat, guztia xamur eta azaletik gorrixka gelditu arte. 40 bat minutu su ertainean. Ondoren erantsiko dogu haragia. Gozatzen utziko dogu zurezko zaliari eragiteari utzi gabe. Gatza eman eta tomate saltsa apur bat gaineratuko dogu gero. Su eztian maneatuko dogu guztia, halako bolognesa moduko haragi-nahastura idorra lortu arte.

Patata portzio bat hartu eta zulo txiki bat itxuratuko dogu harekin: haragi-betegarriaz hornituriko koilarakada eder bat sartuko dogu haren barruan. Koilara atera eta patata mamiaz estaliko dogu zuloa, patatak berregiten ariko bagina bezala. Ongi itxiko dogu patata, betegarria gal ez dadin. Honela jokatuko dogu, patata-mamia eta betegarria ahitu arte.

Irin, arrautza eta ogi birrinduan pasa eta olio ugaritan frijituko doguz patata-bolak. Saltsan ere presta ditzakegu edo arian-arian egosi, patata arranditsuen antzera, edo frijitu berri tomate saltsa baten ondoan aurkeztu.

Haragiari gibel kopuru txiki bat edo txerri hanka egosi pikatuak erants diezazkiokegu. Zaporetsuago egongo dira patatak.