Bakea, Bakea

Xabier Montoiak ‘Bakea, bakea’ (Elkar) eleberria aurkeztu eban otsailak 4an Donostian. Hiria bera protagonista da, baina pertsonaia nagusiak Inazio Osa du izena eta «inpernutik inpernura»-ko bidaia egiten du, autorearen esanetan. «43 urteko donostiarra, etxe oneko seme bakarra, amak mimatua bezain aitak gaitzetsia, emazte ohiak mespretxatua eta alabatxoak maitatua, lagunek pailazotzat hartuta, ludopata, politoxikomanoa eta pornoadiktoa». Horrela deskribatzen du pertsonaia liburuak, eta Montoiak arrazoiak azaldu ditu: «Heldu nahi nuen punturaino iristeko hortik pasa behar nuen, bestela ez zen ulertuko».

Donostiak garrantzia dauka, hiriko «burgesia lekuak», hain zuzen ere. Amaren hileta elizkizunetan hasten da istorioa eta katedraletik ateratzerakoan Inazio Osak bere buruari «non egon naiz orain arte» galdetzen dio. Donostiako burgesiaren munduan bizi da, bere mundua zatika erortzen da, eta bera kolokan jartzen du.

Bere egoera eta ohiturak horiek izanagatik, ‘Bakea, bakea’-ren protagonista «ez da gaiztoa», dio Montoiak. «Ez dauka talentua gaiztoa izateko». Liburuaren izenburua bi zentzutan uler daiteke. Alde batetik, bakean uzteko eskaria; bestetik, galdera moduan: bakea, ba ote?