Itziar Navarro Ibañez musikologoa da, antropologia musikalean espezializatua, eta azken urteotan Bizkaiko abendu-errondak — marijesiak— sakon ikertu dabezan aditu nagusietako bat. Bere tesian, abenduko marijesiak edo errondak aztertu dauz, gizartearen eta musikaren ikuspegitik, arreta berezia jarriz errondetan parte hartzen daben pertsonen diskursoetan eta praktiketan, azken hamarkadetan izan diren aldaketak ulertzeko.
Ikerketan aztertutako herri eta auzoak Ea, Lekeitio, Ibarrangelu, Gernika, Ariatza, Ibarruri, Oromiño eta Iurreta dira.
Abenduan bere tesiaren nondik norakoak azaltzeko hitzaldiak eta solasaldiak egin ebezan, ikerketaren ondorioak lehen eskutik ezagutarazteko.
Beragaz berba egin dogu ohitura honetaz gehiago jakiteko asmoz.
Zer dira abendu errondak?
Gabonak iragarteko egiten diren kantu-errondak dira, abenduan (gaztelaniaz Adviento) edo gabon aurreko egunetan, itxaronaldian. Bizkaian marijesi edo mariajesus be esaten jake; deitura hau errepetizino edo estribillo baten hitzen alkarketatik dator (Maria Jose, Maria Jese, Maria Jesus).
Zerk eroan zinduezan Bizkaiko abendu-errondak edo marijesiak ikertzera?
Soinuenea herri-musikaren txokoan egiten dot lan, Oiartzunen. Bertan, landa-laneko grabazinoak katalogetan nebilela, Gernikako marijesiekaz egin neban topo. Gernikako taldekide batzuk Oiartzunen egonak ziren 2011. urtean, kantu-erakustaldi moduko bat egiten, eta Soinueneako burua, Juan Mari Beltran, aurrez be (2005ean, oker ez banago) Gernikan bideo-kamareagaz filmetan egona zan, azken eguneko errondan, egun argiz. Grabazino hareek ikustean, musikak harrapatu ninduen hasieratik, eta jakingura piztu jatan. 2019an, kotxea hartuta, lagun batzukaz Gernikara joan ginen erronda batera, eta oso ondo pasau gendun. Gogoratzen dot Jesukristo kantau genduala. Engantxau egin ginen, danok, baina ni bereziki.
Hurrengo urtean, Emilio Xabier Dueñas ikerlari bizkaitarragaz hizketaldi bat izan neban eta esan eustan Lekeition be marijesiak bazirela, eta han emakumezkoak urteten ebela. 2000. urtean berak egindako filmazino bat pasau eustan. Grabazino ha klabea izan zan. Benetan liluratu ninduen, andrazko hareek oso-oso kantaera ederra eukielako. Hasiera baten ez neban doktoretza egiteko asmo seriorik, besterik barik neure kontura ikertzen hasi nintzen. Baina asko miresten dodan Kataluniako etnomusikologo batek (Jaume Ayats, Bartzelonako Unibersidade Autonomoan egon da azken urteetan) nire ikerketa zuzentzeko aukera eskaini eustanean, ez neban zalantzarik izan eta tesia egitea erabaki neban.
Zein da gaur egun marijesien eta abendu-erronden egoera Bizkaian?
2021 eta 2024 artean abendu-errondak edo marijesiak egin dira Lekeition, Ean, Gernikan, Iurretan, Oromiñon, Ibarrurin, Ariatzan eta Ibarrangelun. Herri edo auzo honeetara mugatu dot ikerketa, tesia 4 urtetan egiteko zeozelan mugatu beharra nebalako. Dana dala, abendu-koplak ezagutu dira eta errondak egin dira beste hainbat herritan be, Mendatan edo Gautegiz-Arteagan, esaterako. Zentzu honetan, 2008. urtetik aurrera tarteka egin izan diren Bizkaiko marijesien topaketek herri desbardinetako taldeak saretzeko eta elkar ezagutzeko balio izan dabe. Edozelan be, seguru nago nire ikerketatik eta topaketetatik haratago badagozela talde gehiago abendua kantau dabenak eta oraindino kantetan dabenak. Tesia amaitu dodan arren, hemendik animatuko neukez beste herrietako kantariak euren abenduaren barri emotera itziar.ikerketa@gmail.com helbidera idatzita.
Herri batetik bestera egoera desbardina da: partehartzaile kopurua, ohitura honek herriko egutegian daukan lekua edo garrantzia… Eta komunikabideen aldetik be, esango neuke, ez dala arreta herri guztietara bardin heltzen. Demografia kontuengatik, Ea bezalako herri txiki batean, adibidez, erronka bat da halako ekintza komunitario bat urtero antolatzea. Hain juxtu, umeekin bederatziurrena antolatzen dabe Ean, eta honek esfortzu eta konpromiso handia eskatzen dau antolatzaileen, etxekoen eta umeen euren partetik (entseguak, iluntzeroko errondak…). Desbardintasunak egon badagozan arren, kasu guztietan azpimarrauko neuke herritarren garrantzia eta taldea dinamizetan dabilzan personen esfortzua. Pertsona horreek erreleboa daukien heinean egingo dabe taldeek aurrera.
Tesian aztertutako herrien artean, zein antzekotasun azpimarrauko zeunke?
Antzekotasun nabarmenenak musikalak eta testualak dira. Doinu guztiak aldaerak dira, barianteak, eta berbetan be (kopletan) aldaera ugari topau ahal dozu. Ganera, talde guztietan kopla eta estribilloa daukiez, kantu honeek forma errespontsoriala izango ebelako jatorrian. Historikoki, talde guztiek eskea edo puska-biltzea egiten eben. Testuaren gaia erlijiosoa izan arren, erronda guztiak extraliturgikoak dira gaur egun; herritarrek antolatzen dabez, elizaren esku-hartzerik barik. Azkenik, kantu honeek batez be ahoz (eta belarriz) ikasi dira. Horrek izango ziren puntu komun batzuk.
Eta zein desbardintasun topatu ahal doguz?
Ba egia esan, dezente. Talde batzuk 9 egunez urteten dabe, eta beste batzuk egun bakarrean. Batzuk goizeko 4etan, besteak egun oso batez, besteak iluntzean. Talde batzuk 3 doinutan kantetan dabe, beste batzuk doinu bakarrean. Kopla kopurua be desbardina da taldetik taldera. Batzutan bakarlariak dagoz, eta besteetan ez. Badira “a capella” kantetan dabenak, badira makilakaz lurra joten dabenak, azken egunean kanpaitxua erabilten dabenak, trikitixa eta panderoz kantua laguntzen dabenak… Talde batzutan ibilian kantetan dabe, eta beste batzuk etxe aurreetan geldirik. Kantarien profila be oso desbardina da herri batetik bestera: umeak edo helduak izan ahal dira, genero eta ideologia desberdinetakoak… Hain zuzen, aniztasun hori izan zan ikerketa egitera bultzatu ninduena.
Zein aldaketa nabarmen igarri dozu azken hamarkadetan ohitura honetan?
Harrigarria da zelan garaian garaiko prozesu historikoek aztarnak itxi dabezan abendu-kopletan. Hamarkada desbardinetako protagonistek, horren ideologiaren eta motibazinoen arabera, era batera edo bestela moldatu dabe tradizinoa. Letrei begiratuta, herri batzutako kopladietan topau ahal dira XX. mende hasierako abertzaleen garbizaletasun linguistikoaren eraginak; hamarkada batzuk aurrerago, euskara batura hurbiltzeko egindako aldaketak; Transizino inguruan, aldarrikapen politikoak; oraintsu, “jatorrizkora hurbildu nahi” bat edo errebisino historizista bat be egin da (koplak iturri idatzietatik berreskuratzea, orraztea, berrordenetea). Bestalde, hirigintza aldetik herriak aldatu direnez, erronden ibilbideak be moldatu egin dira; Gernika-Lumoko aurkezpenean gai honetan sakonduko neban apur bat. Emakumeen partehartzeak be aldaketak ekarri dauz, ez bakarrik sozialki, musikalki baino. Herriaren arabera desbardin egokitu dabez erregistroak, kanturako tonuak, eta abar. Oro har, kantuaren teknika eta estetika aldatu dira, nabarmen. Ikus-entzunezko zahar gitxi daukaguz; baina aurkezpenetan saiatuko naz alderatzen XX. mende hasieran jaiotako kantarien kantatzeko era eta gaur egungo kantariena. Euskal gizartea sekularizetan joan ahala, esanahiak be aldatzen joan dira. Errondan urteteko motibo batzuk mantentzen dira, baina motibo barriak be agertzen joan dira.
Zelan bizi dabez eta zelan azaltzen dabez marijesiak gaur egun errondetan parte hartzen daben personek?
50 alkarrizketa inguru eginda, gauza asko esan daitekez protagonisten sentipen eta motibazioen inguruan. Hasteko, persona sinestunak egon badagozan arren, esango nuke ohitura hau definitzerakoan arretarik handiena ez dala erlijinoan jartzn, tokikotasunean eta kolektibotasunean baino: ohitura kristau bat baino gehiago, euskal ohitura komunitario bat da abendua. Alkarrizketau askorentzat badago bertoko euskal ohitura bati jarraipena emon nahi bat, kasu batzutan txikitatik ezagututako ekintza baten parte hartu nahi bat, baita (kasu batzutan) gaubaz kalean edo baserrietan ibiltzeagatiko zirrara bat, edo erresilientzia eta ahalduntze puntu bat be bai; auzotaakaz alkartzeko atxakia modura bizi dabe beste batzuk… Baina guztiaren gainetik, alkarregaz kantetearen eta erritua bera bizitzearen zirrara aitatuko neukez. Eako ume batek esan eustan behin abendua entzuteko nahiko aspergarria dala, baina kantetako dibertigarria. Mendebaldeko gizarte garaikideetan gero eta gitxiago dira halako ekintza komunitario parte hartzaileak, eta horregatik parte hartze horrek sortzen dauan taldetasuna eta taldean kantatzearen emozinoa bereziki azpimarrau nahi neukez. Probetan dabenak ikusiko dau esperientzia berezia dala. Nik mundu guztia proba egitera animatuo neuke, bizian behin gitxienez.
Zure ustez, marijesiak behar dan moduan baloretan kultur ondare immaterial legez?
Musika eta dantza lako adierazpide immaterialak orain dala hamarkada gitxi sartu dira erakunde publikoen koordenadetan; aurretik, materiala ez zanak ez zeukan babesik edo finantziazinorik. Herri-musikaren dokumentazino zentro baten lan egiten dodan aldetik, pozez hartu gendun Jaurlaritzaren, Aldundien eta Unescoren partetik immaterialakiko interesa eta aitortza. Halanda be, erakundeetatik datorren aitortza baino garrantzitsuagoak izango dira beti herri-mailako errotzea, garrantzia eta herri-mugimendua bera. Izan be, daborduko badira kasuak non immaterialaren patrimonializazinoak kalteak ekarri dabezan (Elx-eko misterioan, adibidez). Ganoraz aztertu behar dira babes-neurrien ondorioak, ohitura bizi bat finkatu, fosilizau, formalizau edo instituzionalizau ez dagian. Kulturari itxi behar jako aldakorra izaten, bestela funtzionala izateari itxi ahal deutsolako. Eta uste dot danok nahiago dogula kultura bizia, musealizautako kulturea baino.





