Gernika-Lumoko Udalak martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, ospatuko dau Kultura eta Berdintasun arloetatik bultzatutako sentsibilizazio eta kontzientziazio sozialera bideratutako jarduera programa batekin. Ekimenak herritarren hainbat sektore inplikatzea dauko helburu, hezkuntza- eta kultura-esparruari arreta berezia eskainiz.
Aurreikusitako ekintzen artean, Udalak motxila more batzuk banatuko dauz ikasleen artean, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailaraino, udalerriko ikastetxe guztietan. Neurriak belaunaldi gazteenen artean jardunaldi honen ikusgarritasuna indartu eta berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko beharra azpimarratu nahi dau.
Programak kultur proposamenak ere jasotzen dauz. Martxoaren 7an, Lizeo Antzokiak ‘La llamaban loca’ antzezlana eskainiko dau. Antzezlan horrek umorea, emozioa eta sororitatea uztartzen dauz, Bilboko iruditeriari lotutako istorioa dauka emakume baten kontakizunaren bidez. Emanaldia 19:00etan hasiko da eta 12 euroko prezioa eukiko dau. Tarifa murriztua 9 eurokoa izango da kultur etxeko Laguna txartelaren erabiltzaileentzat.
Egun bat lehenago, martxoaren 6an, Kultur Etxeko liburutegiak ‘Izare rock zizare’ ipuin kontaketa saioa hartuko dau, lau urtetik gorako haurrei zuzendua. 17:30erako aurreikusitako jardueraren helburua da berdintasunaren balioak txiki-txikitatik sartzea narrazioaren bidez.
Era berean, joan den otsailaren 25ean, udalbatzak adierazpen instituzional bat onartu eban, non azpimarratzen baitzen beharrezkoa zela tokiko eremuan esku-hartzea indartzea jarrera antifeministei eta maskulinitate toxikoei aurre egiteko, bai udalerriaren eguneroko ingurunean, bai espazio eta komunitate birtualetan.





