Bizkaiko Foru Aldundia, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea eta Busturialdeko udalak, Bizkaiko Gurutze Gorriaren laguntzarekin, hasi dira plan pilotu bat gauzatzen etxebizitzetako suteek eragindako arriskuak murrizteko, eskualdeko adinekoak eta/edo pertsona kalteberak babestearren.
Ekimenaren aurreikuspenean, Busturialdeko 2.450 bat etxebizitzatan ke-detektagailuak jartzea dago, honela banatuta:
-Etxeko arreta-zerbitzuaren erabiltzaileen edo familia-giroan zaintzeko prestazio ekonomikoaren onuradunen 1.250 etxe.
-Bakarrik bizi diren eta 70 urtetik gora daukien pertsonen 620 etxe.
-Bakarrik bizi diren eta 70 urtetik behera daukien beste 600 pertsonaren etxeak. Pertsona horiek direla eta, bakoitzari bere udalak instalatuko dio detektagailua. Izan ere, udalerri batzuetan, etxebizitza guztietan instalatuko dira, kontuan hartu gabe zenbat urte daukien edo nola dauden. Guztira, 1.250 etxe inguru izango dira.
Detektagailuak homologatuta dagoz, 10 bat urteko bateriak daukiez, eta zinta itsaskorrak dauzkate sabaian ondo finkatzeko. Etxeko arreta-zerbitzua hartzen daben pertsonak edo prestazio ekonomikoaren onuradunak badira, Bizkaiko Foru Aldundiak ordainduko dautsie instalazioa, eta horrela bermatuko dau hautatutako etxeetako erabiltzaileek kosturik gabe jasoko dabela ekipamendua, baina erabiltzaileek jarri beharko dabe. Hala ezin bada, Gurutze Gorriko boluntarioek instalatuko dautsiez.
Busturialdeko udalentzat borondatezkoa da kanpaina, baldin eta 70 urtetik gorako pertsonak badira, haiei baitagokie ke-detektagailuak erostea eta instalatzea.
Herritarrekiko komunikazioa eta parte-hartzea
Zenbait ekintza egitea dago aurreikusita, kanpaina onuradun guztiengana helarazteko eta detektagailuak ondo erabiltzen irakasteko, honeek, esaterako:
-Gutun pertsonalizatuak bidaltzea, azaltzeko zein den kanpainaren helburua, nola egingo den eta zer urrats egin behar daben hartzaileek.
-Eskualdeko udalerri batzuetako informazio-saioak, horren gainekoak eta etxeko arriskuen gainekoak. Eraginpeko pertsonak eta zaintzaileak bertaratu ahal izango dira dauzkaten zalantzak argitzeko. Horretaz gain, etxeko suteak prebenitzeko jardunbide egokiak ere azalduko zaizkie.
-Detektagailuarekin batera, informazio-triptiko bat ematea, azaltzeko zertarako balio dauen, nola funtzionatzen dauen eta non jarri behar den.
-Tutorialak eta gidak eskuragarri jartzea QR kodearen bidez, eta hor detektagailuak ondo instalatzeko irudien bidezko jarraibideak ematea.
Prozedura bat baino gehiago egongo da detektagailuak emateko, kolektiboa zein den ikusita:
-Etxeko arreta-zerbitzukoak edo familia-giroan zaintzeko prestazio ekonomikokoak badira: detektagailuak zaintzaileek jaso eta instalatuko dabez. Emoteaz batera, erregistratuko da zein helbidetan kokatuko den.
-Bakarrik bizi diren adinekoak eta lehenengo puntuan sartzen ez diren beste pertsona batzuk badira: detektagailuak udaletxeetan jaso ahal izango dabez.
Kanpaina egin ondoren, gogobetetasunaren gaineko galdera-sorta bat egingo jake onuradunei, emoitzak aztertzeko eta irakaspena ateratzeko. Horri esker, esperientzia pilotua errepikatu ahal izango da Bizkaiko beste eskualde batzuetan, eta arriskuen murrizketa sendo bat lortuko da, kolektibo arriskutsuenentzako politika eraginkor gisa.
Busturialdeko ekimen pilotu horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak segitzen dau indarrez konprometituta prebentzioarekin eta adineko pertsonen eta pertsona kalteberen segurtasunarekin eta ongizatearekin; horretarako, neurri zehatz, ebaluatu eta eskalagarrien alde egiten dau.





