Martxoak 8ko eguna dala eta, Emakumeen Nazioarteko Eguna, Mundakak gogoetara, parte-hartzera eta ospakizun kolektibora gonbidatzen dauen programa berezi batekin.
Hainbat egunetan zehar, jarduera kultural, instituzional eta aldarrikatzaile egingo dira udalerrian, emakumeek esparru guztietan egiten daben ekarpena ikusarazteko eta gizarte bidezkoago eta berdintasunezkoago baterantz aurrera egiten jarraitzeko.
Hau da Mundakako programa egun hauetarako:
Martxoaren 2tik 18ra
“Emakumeak eta Literatura” – Liburuak ikusgai
Udal Liburutegiak emakumeek idatzitako liburuen eta berdintasunaren gaia eta emakumeek historian eta gizartean daukien papera jorratzen daben lanen erakusketa berezia hartuko dau. Ahots berriak aurkitzeko, erreferenteak berrirakurtzeko eta literaturara ikuspegi inklusibo batetik hurbiltzeko aukera.
Martxoak 4, asteazkena
11:30 Osoko Bilkura Txiki
Mundakako Eskolako ikasleek Haur Bilkura egingo dabe udaletxean. Haurrek hitza hartuko dabe berdintasunari buruzko hausnarketak eta proposamenak partekatzeko, eta erakutsiko dabe txiki-txikitatik hezkuntza eta parte-hartzea funtsezkoak direla etorkizun hobea eraikitzeko.
Martxoak 7, larunbata
13:00 Erakusketa: “Izan Ginelako, Gara”
Katillotxu Elkarteak antolatuta, Tribisarrosperen lehenengo solairuan. Erakusketa honek oroimen kolektiboari eta emakumeek denboran zehar euki daben funtsezko eginkizunari balioa emoten dautsie, gure aurrekoei esker garela gogoraraziz.
Eguerdian – Poteoa jai giroan
Egunak aurrera jarraituko dau Herriko plazatik abiatu eta herriko kaleak zeharkatuko dabezan poteoarekin, parte hartze eta jai giroan. Gonbidapen irekia gazteei eta ez hain gazteei, komunitatean partekatzeko, aldarrikatzeko eta gozatzeko.
Martxoak 8 – Emakumeen Nazioarteko Eguna
12:45 Manifestazioa eta ondorengo Elkartaratzea
Manifestazioa 12:45ean abiatuko da eta Adierazpen Instituzionala irakurriz amaituko da. Ibilbidea honako hau izango da: Erreka, Mediku kontsultategia, Portutxu, Santa Katalina plazatxoa, Portua, Herriko plaza.
Elkartaratzearen ondoren, Mundakako gitarristek amaiera musikala emango dautsie egunari.
Udalak herritar guztiak animatzen dauz programatutako jardueretan eta ospakizun honetan aktiboki parte hartzera “Martxoaren 8a eskubideak aldarrikatzeko, aurrerapenak aitortzeko eta benetako berdintasuna guztiok inplikatzen gaituen zeregin kolektiboa dela gogorarazteko eguna da”. Halaber, egun horretan jantzi moreekin janztera animatzen da.





