Zapatuan jarriko da martxan Gernika-Lumoko arrapala mekaniko barria

Gernika-Lumok zapatu honetan, martiaren 7an, estreinatuko du ofizialki, 13:00etan, udalerriko malda handienetako baten ohiko erritmoa aldatu dauen arrapala mekanikoa. Inaugurazio-ekitaldian, eguneroko mugikortasuna errazteko azpiegitura bat jarriko da martxan behin betiko, batez ere adinekoentzat eta inguruko anbulatoriora doazenentzat.

Gernika-Lumoko Udalak bultzatutako proiektuak 808.000 euroko inbertsioa euki dau eta bi fasetan garatu da. Lehenengoa 2025eko otsailean hasi zen, Iñigo Lopez de Haro kalea osasun-zentroarekin lotzen duen tartean. Segmentu horretan egitura mekanikoa instalatuta dago jada, 48 metroko luzerarekin eta sei metroko desnibelarekin. Arrapalak hamar graduko malda, metro bateko zabalera eta segundoko 0,5 metroko abiadura dauka, eta etengabeko joan-etorri erosoa bermatzeko diseinatuta dago.

Sistema automatizatua eta hiri-berrikuntza

Bigarren faseak Carlos Gangoiti kalerainoko ibilbidea osatu dau, eta, horrela, auzoaren goiko alderako sarbidea nabarmen leuntzen dauen ibilbidea itxi da. Esku-hartzearen barruan, espaloiaren zoladura berritu da, baina lehendik egozan sestrak aldatu gabe; horri esker, jatorrizko hiri-konfigurazioa mantendu ahal izan da.

Sistemak kontrol automatizatu baten bidez funtzionatuko dau. Kontrol horrek abiaraztea eta gelditzea erregulatzen dauz, trazaduran zehar banatutako sentsore fotoelektrikoen bidez. Fotozelulek erabiltzaileen presentzia detektatuko dabe, eta mekanismoa aktibatuko dabe zuzenean gainbegiratu beharrik gabe, kontsumoa eta eraginkortasuna optimizatuz.

Lehenengo fasean saneamendu-sareak berritu eta antzinako berunezko hodiak ordeztu behar izan ziren, hiri-hobekuntzako jarduketa integral baten esparruan.

Larunbat honetarako aurreikusitako inaugurazioarekin, Udalak amaitutzat emon dau maldak eguneroko mugikortasuna baldintzatzen eban eremu batean luzaroan eskatutako proiektua.