Eusko Jaurlaritzaren ‘Gaztemundu’ eta Batzen Kultur Elkartearen ‘Ateak Ireki’ programak —Bizkaiko Foru Aldundiak lagunduta—, alkarlanean dabiltza euskal diasporak daukan eragina zabaltzeko asmoz, ‘Gaztemunduri Ateak Ireki’ lelopean. Edizio honek, bagilaren 27tik garagarrilaren 19ra bitartean, Argentina, Uruguai, AEB, Kanada eta Australiako euskal komunitateetako gazteak hartuko dauz, Goierrin eta Busturialdea-Urdaibain.
Guztira 54 gaztek emon dabe izena aurtengo Bizkaiko egonaldirako; gehienak Argentina, Uruguai eta Australiakoak dira. Orain, harrera-familiak topau behar dira, Busturialdekoak eta euskaldunak izan beharko dabe-eta.
Aurten Euskal Etxeetako Federazinoek (FEVA Argentinan, FIVU Uruguain, NABO Estatu Batuetan eta Euskal Australiar Elkartea) gogoz parte hartuko dabe. Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek parte hartuko dabe barriro, baita eskualdeko eta herriko erakundeek be, Urremendi eta Goiekiren bitartez.
Kanpoko euskal komunitateko berrogeita hamar gaztek baino gehiagok parte hartuko dabe prozesu honetan, eta gazteen eta harrera-familien arteko hartu-emon bizia sortzeko aukerea izango dabe. Gainera, programaren helburua da parte-hartzaileak Euskadik Diasporan dituan enbaxadore bihurtzea.
Interesa daukien familiek Ateak Ireki webguneanen bidez emon ahal dabie izena, bertan dagoen galdetegia betez.
‘Gaztemundu’ euskal diasporako gazteei zuzendutako programa da. Kanpoko Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak (Eusko Jaurlaritza) antolatuta, ‘Gaztemundu’ duela 30 urte sortu zan, 1996an, eta orduz geroztik Euskal Diasporako 800 gaztek baino gehiagok hartu dabe parte.
Programak, batez beste, euskal etxeetako 26 gazte hartu ditu urtero. Bi asteko prestakuntzea jaso dabe eta Euskadiko gune adierazgarrienak bisitau ditue. ‘Gaztemundu’ren edizio bakotxa gai bati lotuta egon da: kultur kudeaketea, gastronomia, dantzea, euskal instrumentu tradizionalak…
Era berean, Batzen Kultur Elkarteak antolatutako ‘Ateak Ireki’ egitasmoa AEBetako eta Kanadako euskal jatorrizko gazteei zuzenduta dago.
Programa honek udako hiru asteko esperientzia eskaintzen dau Goierri eskualdeko familietan, Gipuzkoan. Azken hiru urteotan, Ipar Amerikako bi herrialde horreetako 102 gazte hartu dauz, euskara eta euskal kulturea hurretik ezagutu daiezan.
Bi programa horreen helburua Euskadiren eta diasporaren artean zubi sendoak ereitea da, belaunaldi barriek Euskadi ireki, global eta partekatu bategaz daukien lotura kultural, linguistiko eta gizatiarra indartuz.





