Bermeoko merkataritza-portuak, Eusko Jaurlaritzak kudeatua, Busturialdeko ekonomiaren azpiegitura estrategiko gisa duen rola sendotzen jarraitzen dau, salgaien trafikoan izandako hazkunde nabarmenari eta instalazioetan jarduten daben kontsignatario enpresekin lankidetza indartzeari esker.
Jarduerari jagokonez, hazkundea esanguratsua izan da. 2024an portuak 182.733 tona mugitu ebazan 84 ontzitan; 2025ean, berriz, 227.604 tona 96 ontzitan, hau da, %24ko hazkundea garraiatutako salgaien bolumenean. Datu horiek azpiegitura honen joera positiboa erakusten dabe, gaitasun operatiboa eta merkatuaren beharretara egokitzeko ahalmena uztartzen dabezena.
Portuak bost karga-kai daukaz, 125 metroko luzera eta 6 metroko sakonera arteko ontziak hartzeko modukoak. Bertan askotariko materialak maneiatzen dira, besteak beste, produktu siderurgikoak, egurra, papera, aluminioa, marmola, igeltsua, urea eta paper-orea. Kontsignatario enpresek biltegiratze-ahalmena handitzeko eta instalazioen operatibitatea optimizatzeko inbertsioak egiten jarraitu dabe.
Egunero gutxi gorabehera 100 kamioiko joan-etorria eta jarduera komertzialari lotutako 40 lanpostu zuzen sortzen dabezan portua eskualdeko indar ekonomiko gisa sendotzen ari da. Salgai gehienek Europar Batasunean eta Mediterraneoko herrialdeetan daukie jatorria edo helmuga.





