Muruetako Udalak, ingurumenarekiko errespetuagaz eta udalerriaren garapen jasangarrian aurrera egiteagaz konprometituta, argiteria publikoa barritzeko lehen fasea jarri dau martxan, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko Plan Integratuaren barruan (2024-2044). Lehenengo jardueran egoera okerrenean egozan 90 farolak barritu dira.
“Muruetan urteak daroaguz eraginkortasun energetikoaren arloan hainbat ekintza garatzen eta energia barriztagarrien aldeko apustua egiten. Gure energia-planean, oraingo eta etorkizuneko oinarriak eta konpromisoak finkatzen doguz. Hor kokatzen da jarduera hau. Argiteria publikoa barritzeak argi-eraginkortasuna hobetzen eta energia-kontsumoa murrizten lagunduko deusku. Ildo horretan, bidegorriko farola barrietan eta hainbat tokitan instalau diran barri guztietan LED argiak jarri doguz. Orain, udalerriko farolen buru guztiak fase desbardinetan LED teknologiara aldatzea da asmoa, egoera txarrenetik hobera, eta hau izan da lehenengoa”, azaldu dau Julen Karrion Muruetako alkateak.
Muruetako Klima eta Energia Plan Integratua 20 urteetan egongo da indarrean (2024-2044). Denpora horretan, hainbat ekintza egingo dira udalerriko hainbat arlotan, eta jarduera zehatzak egingo dira emisinoak arintzeko, trantsizino energetikorako eta egokitzapen klimatikorako. Plan Integratuaren bidez lortu gura diran onura nagusien artean, besteak beste, energia-kontsumoa eta berotegi-efektuko gasak murriztea dagoz.
Herriko farolak LED teknologiara egokitzea eta eguneratzea tokiko energia-planean aurreikusitako jarduera nagusietako bat da. Prozesu hori hainbat fasetan egingo da, lehenengoan egoera okerrenean egozan, pantailak hondatuta eukozen edo gardentasuna galdu eben farolak ordeztea lehenetsi dira.
Farola tradizinonalek 80w-ko indukzino-argiak erabiltzen ebezan, argia angelu zabalean banatzen ebenak, fokalizaziorik barik, eta ez eben gaueko potentzia erregulatzen uzten. LED teknologia gehituta, argi-kutsadura nabarmen murriztea aurreikusten da, eta, gainera, argiztapen-maila bera edo handiagoa bermatzen da, energia-kontsumo txikerragoagaz. Farolen buru barriek driverrak daukez, etorkizunean potentzia erregulatzeko aukera emoten dabenak. Horri esker, gaueko argien intensidadea egokitu ahal izango da, energia gehiago aurrezteko. Ordezkapenean, farolaren euskarria mantenidu da, eta horren goikaldea bakarrik aldatu da, hau da, burua.
Muruetako Udalak argiteria publikoa barritzeko lehen faseari dagokion proiektua aurkeztu dau, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jasotzeko. Hasierako fase honetarako 85.676,71 euroko aurrekontua bideratu da guztira. Bizkaiko Foru Aldundiak 64.000,00 euroko dirulaguntza emon dau, eta Eusko Jaurlaritzak 21.481,30 eurokoa.





