Eusko Jaurlaritzak martxan jarri dau Elantxobeko portuko barruko dartsenaren lur-eremua handitzeko proiektuaren lizitazinoa, portu barruko ibilgailuen trafikoa hobeto antolatzeko eta bertara sartzen diran guztien segurtasuna indartzeko asmoz. Lan honek 960.869,45 euroko oinarrizko aurrekontua dauka (BEZ barik) eta bederatzi hileko epea aurreikusi dabe egiteko.
Proiektuaren arabera, lur-eremua 300 metro koadro inguru handituko da Erribera kaiaren (Portu kaleagaz bat egiten dauen tokia) eta ontziolako moila-muturraren hasieraren artean, eta gune horretan biribilgune txiki bat eraikiko dabe portuan ibilgailuen sarrera-urteteak eta maniobrak errazteko, zirkulazino arinagoa eta ordenatuagoa lortuz.
Gaur egun, Elantxobeko portua errepidea amaitzen dan saku-fondo baten modukoa denez, autoek buelta emotea gatxa da eta maniobra korapilotsuak sortzen dira momentu batzuetan; biribilgune barriari esker, maniobragarritasuna nabarmen hobetuko da eta auto-pilaketak gitxituko dira, gidarien zein oinezkoen segurtasuna handituz.
Horrez gain, hobekuntza honek larrialdi zerbitzuen lana erraztuko dau helikoptero-portura heldu ahal izateko, azpiegitura hau funtsezkoa baita ospitaleetatik urrun dagozan herrietan premiazko osasun-arreta bermatzeko. Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak azpimarratu dauenez, “proiektu honek kostaldeko herrien gaur egungo beharrei erantzuten deutse, portuak espazio biziak diralako eta herritarren mobikortasuna zein eguneroko erabilerea hobetu behar dalako, portuaren eta herriaren arteko hartu-emana sendotuz”.
Interbentzino hau 2024ko uztailean onartutako Elantxobeko Portuko Antolamendurako Plan Bereziaren barruan dago, azpiegitura portuaren garapen jasangarria eta inguruneagazko integrazinoa bultzatzeko. Eskaintzak aurkezteko epea apirilaren 9an amaituko da eta, behin lanak esleituta, 2026ko irailean hastea aurreikusten da.





