Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako hamalau establezimenduk aintzatespena jaso eben astelehen arratsaldean, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egindako lanagatik.
Eskertza ekitaldia Bermeoko Toki Alai tabernan egin eben, eta bertan izan ziran hiru udalerrietako alkate eta udal ordezkariak, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendari nagusi Isaac Amezaga.
Aitortza horren bidez, udalek eskerrak eman nahi izan dautsiez sarituei euskararen alde erakutsitako konpromisoagatik eta eguneroko jardunean hizkuntza bultzatzeko egindako ahaleginagatik. Azpimarratu dabenez, tokiko establezimenduek zeregin garrantzitsua daukie herritarren hizkuntza-ohituretan eragiteko, eta haien inplikazioa funtsezkoa da euskararen presentzia eta erabilera indartzen jarraitzeko.
Guztira, 70 establezimendu inguruk parte hartu dabe Eskueran egitasmoan, eta ekitaldian gehien nabarmendu diren hamalau negozioak saritu dabez.
Sarituak honeek izan dira:
Sukarrietan: Toña taberna.
Mundakan: La Leñera taberna, Donde Alejo barria taberna eta Izarzugaza harategia.
Bermeon: Toki Alai taberna, T Kimua te denda, Balea kafetegia, Mailur lentzeria, GuZuBio denda, Mertzeria 95, Julita lentzeria, Seine ume eta gazteen moda, Amatxu denda eta Gabilondo farmazia.
Ekitaldiaren helburua izan zen egindako lana aitortzea eta parte hartu daben establezimenduei eskertza adieraztea. Antolatzaileek nabarmendu ebenez, jakitun dira oraindik bide luzea dagoela egiteko —establezimendu batzuetan beste batzuetan baino gehiago—, baina “garrantzitsuena pausoak ematen hastea da”. Ildo horretan, bide onetik doazen establezimenduen lana aitortu nahi izan dabe, eta aldi berean Euskaraz barra-barra ikurra ezagutarazten jarraitu.
Eskueran egitasmoaren bidez, hiru udalerriek tokiko merkataritza, ostalaritza eta enpresetan euskararen erabilera sustatu nahi dabe, eta bide horretan tokiko establezimenduek egiten daben lana eskertu eta balioan jarri nahi izan dabe.
Udalek nabarmendu dabenez, tokiko enpresen eta establezimenduen inplikazioa ezinbestekoa da euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzeko.





