Bermeoko Udalak, Kirol Sailaren bitartez, egitarau oparoa aurkeztu dau Aste Santuko oporretarako. Helburua argia da: herritarrei oporraldia modu aktiboan eta osasuntsuan pasetako aukera emotea. Proposamenak mota askotako jarduerak batzen dauz, adin guztietako pertsonentzat egokituak, eta herriko hainbat lekutan egingo dira.
Egitarauak diziplina ugari hartzen dauz barne: kalistenia, skatea, eskalada, aeroyoga, trabesia eta mendi martxa. Jarduera honekaz, parte-hartzaileek indarra, koordinazinoa, oreka eta erresistentzia landu ahal izango dabe, betiere giro ludiko eta inklusiboan.
Aeroyoga gazteentzat eta Skate tailerrak
Martxoan nagusientzako aeroyoga saioek izan daben arrakastea ikusita, Udalak gazteei zuzendutako saioak antolatzea erabaki dau. Saio honeek apirilaren 7an (16:00–16:50) eta apirilaren 8an (16:30–17:20) izango dira, Areneko kiroldegiko pilates gelan, 10 eta 14 urte bitarteko gazteentzat.
Beste alde batetik, skate tailerrak apirilaren 8an eta 9an egingo dira, 11:00etatik 13:00etara, Ametzagako skate parkean. 8 eta 14 urte bitartekoentzat dira eta gehienez 15 lagunek emon ahal izango dabe izena.
Kalistenia, Eskalada eta Trabesia
Kalistenia: Apirilaren 9an San Martineko parkean. Bi maila egongo dira: oinarrizkoa (17:00–18:30) eta aurreratua (18:30–20:00), 16 urtetik gorakoentzat.
Eskalada: Apirilaren 10ean Areneko boulderrean. Txikiagoentzat (8-10 urte) 10:30etik 11:45era, eta helduagoentzat (11-13 urte) 11:45etik 13:00era.
Trabesia masterclassa: Bermeoko kaian egingo da. Apirilaren 6an maila aurreratua eta apirilaren 11n oinarrizkoa (11:00–12:00). 16 urtetik gorakoentzat da eta bakotxak bere materiala ekarri behar dau (neoprenoa, palak, aletak, gorroa eta betaurrekoak).
Mendi martxa: “Hiru Handiak”
Egitaraua borobiltzeko, mendi martxea egingo da apirilaren 12an, goizeko 09:00etan Taraska plazatik urtenda. Partaideek Bermeoko “hiru handiak” —Burgoa, Sollube eta Katillotxu— igoko dabez. Ibilbideak 25 kilometro daukaz eta 900 metroko desnibel positiboa.
Izen-emotea eta argibideak
Izen-ematea zabalik dago dagoeneko eta jarduera bakoitzaren xehetasun guztiak lotura honetan ikusi daitekez.
Abonatuak aplikazinoaren bidez, webgunean edo kiroldegiko makinaren bidez egin ahal izango dabe izen emotea, eta abonatu ez direnak Kiroldegiko harreran bertan egin beharko dabe.
Gainera, ate irekiak egongo dira Areneko kiroldegiko lasaitze gunean apirilaren 7tik 10era (10:00–15:00).
Ekimen honen bidez, Bermeoko Udalak herritarrak kirolera hurreratu gura dauz, komunidade giroa indartuz Aste Santuan.





