Gernika-Lumoko Idazlan Koadernoak 25 urte bete dauz euskararen erabilera indartzen

Udalak argitalpen barria kaleratu dau ikasleen idatziekaz, eta parte-hartze handiko lehiaketan liburu-azalik onenak saritu dauz

Gernika-Lumoko Idazlan Koadernoak hogeita bosgarren edizinoa beteko dau aurten. Horrela, orain dala bi hamarkada baino gehiagotik, herriko ikasleen artean euskeraz idazteko ohiturea, irakurzaletasuna eta erabilerea sustatzen dauen hezkuntza-ekimena finkatu egin da.

Proiektua Euskara Zerbitzuak eta Udaleko Hezkuntza Sailak bultzatzen dabe, ikastetxeakaz alkarlanean. 2002an sortu zan eta ordutik herriko Euskerearen Plan Estrategikoen barruan egon da.

Argitalpenak maila desberdinetako ikasleek egindako idazlanen aukeraketa bat batzen dau. Lehen Hezkuntzan, Idazlan Koadernoak 28 ikasleren testuak daukaz, eskuz idatzitakoak eta jatorrizko marrazkiekaz horniduta. DBH eta Batxilergoari jagokonez, edizinoak 32 idazlan euki dauz, helduagoentzako formatuan.

Liburu-azalen lehiaketa

Proiektuaren une nagusienetako bat liburu-azalen lehiaketa izaten da, ikasleen sormena saritzeko.

Aurtengo edizinoan, Libe Zabala Izagirre DBH 4. mailako ikasleak irabazi dau DBH/Batxilergoa kategorian, LAI lanagaz.

Lehen Hezkuntzan, Peru Miñaur, Amets Olaguenaga, Paul Alaiagoikoa eta Elaia Bilbao 6. mailako ikasleek jaso dabe saria, Arkatz Magikoa lanagaz.

Lehiaketara aurkeztutako marrazkiak (80 inguru) Artekale kalean dagoz ikusgai egunotan, parte-hartzaileek egindako lana herritarrei erakusteko.

Irakurketa eta sari-banaketa ekitaldiak

Idazlan Koadernoa argitaratzeagaz batera, ohiko irakurketa-ekitaldiak egin dira Lizeo Antzokian. Ikasleek koadernoaren ale bat jasotzeaz gain, liburu-dendetan liburuak erosteko bonu bat be jaso dabe: 30 eurokoa Lehen Hezkuntzan eta 50 eurokoa DBHn eta Batxilergoan.

Udalak urtero bideratzen dau diru-partida bat proiektu hau aurrera ateratzeko, eta edizino honetan 10.500 eurokoa izango da. Diru horretatik, 6.000 euro argitalpenerako erabiliko dira, 2.100 euro sarietarako eta 2.400 euro ekitaldiak antolatzeko.

Hogeita bost urteko bidearen ostean, Idazlan Koadernoa Gernika-Lumoko hezkuntza-ekimenik sendoenetako bat da. Euskeraren erabilerea indartu dau ikasleen idazketaren eta sormenaren bitartez, urtero talde-lan hori izen-abizenakaz islatuz.