Hondakinen kudeaketak emoitza positiboak daukaz Gernika-Lumon: foru-herriak 6.209 tona zabor sortu ebazan 2025ean, eta 2024an, berriz, 6.533 tona. Horrek esan nahi dau % 4,2 murriztu dela eta 323 tona aurreztu direla. Bilakaera horrek herritarren konpromisoa eta Udalak bultzatutako bilketa- eta kudeaketa-sistemen eraginkortasuna islatu dauz.
Gaikako bilketa % 31,4ra iritsi da, % 55eko udal-helburuaren azpitik. Jon Lejarraga Ingurumeneko zinegotziak honako hau nabarmendu dau: ”Udalak oinarri sendoa ezarri dau jatorrian bereizketa handitzeko eta helburura hurbiltzeko, herritarren parte-hartzea errazten daben kanpaina eta estrategien bidez”.
Zati organikoa, gaur egun hondakin guztien % 3 dena, identifikatutako beste hobekuntza-arlo bat da, eta Udalak bilketa indartzeko eta gomendagarriak diren mailetara hurbiltzeko lan egiten dau, tokiko ekonomia zirkularra bultzatzeko.
2024 eta 2025 urteen arteko konparazioak erakusten dau hazkunde esanguratsuak izan direla ontzi arinetan (+%7,6), etxeko olioan (+%14,8), piletan (+%47) eta ehunetan (+%4,2). Horrek agerian izten dau kontzientziazio-kanpainen eta Udalak ezarritako gaikako bilketa-sistemaren eragin positiboa.
Ekonomia- eta ingurumen-eraginkortasuna
Kudeaketaren pisu handiena Gainerakoen Frakzioak (HHS) dauka, hau da, hondakin guztien % 68,59k. Lejarragaren arabera, “edukiontzi marroira mugitzen den tona bakoitzak % 111 aurrezten dausku tratamendu-kostuetan, nahastutako hondakinei jagokonez”. Egungo oinarriarekin eta herritarren parte-hartzearekin, Udalak udalerriaren ingurumen-jasangarritasuna eta efizientzia ekonomikoa indartzen dauz.
Bestalde, Udalak azpimarratu dau hondakinak jatorrian bereiztea ingurumen-ekintza ez ezik ekonomikoa ere badela. Behar bezala bereizitako kilo bakoitzak kostuak murrizten dauz, sistemaren eraginkortasuna handitzen dau eta ingurunea babesten dau. Lejarragaren esanetan “Etxean hondakinak bereiztea da ingurumenari eta denon poltsikoari laguntzeko modurik zuzenena”. Gonbidapena argia da: hondakin gutxiago sortzen dira, birziklapen gehiago eta aurrezki gehiago denontzako.





