Habia-kutxak jartzen ari dira Urdaibai Bird Center-en APNABIren laguntzarekin

Udaberria heldu da eta, nonnahi, txoriak bikote bila dabilz eta habiak egiteko sasoia hasi da, hori esan dauskue Urdaibai Bird Center-eko lagunek.

Garai honetan laguntzeko, habia-kutxak ipintzen ari dira. Amilotxak bezalako espezieek zailtasun handiak izaten dabe habia egiteko leku naturalak topetako, eraikin modernoen diseinuagaitik eta habitata galtzen ari gatzalako. Habia-kutxa honeek ugaltzeko gune seguru bat emoten deutsie.

APNABIko lagunek ekarpen bikaina egin deutsie ekimen honi. Beti dabilz proiektu sortzaileetan murgilduta eta, euren arotzeria klasean, habia-kutxa eder bat egin dabe. Zentroaren aurrean ipini dabe, “eta ziur gagoz txoriak oso gustura egongo dirala barruan. Datozen asteetan jarraipena egingo deutsagu, hegaztiek erabilten daben ikusteko. Eskerrik asko APNABIko talde osoari egindako lan bikainagaitik!”

55 habia-kutxen jarraipena martxan

Urte sasoi honetan be, urtero lez, aurrera jarraitzen dabe proiektuko 55 habia-kutxak. Kutxa honeek hainbat espeziek erabilten dabez, batez be amilotxek eta kaskabeltzek. Astean behin, kutxak begiratu eta bertan jazotzen danaren jarraipena egiten dabe. Batez be, fenomeno meteorologikoek ugalketa-arrakastan daukien eragina aztertzea da helburua.

Lan honen ardura Denzel, Udane, Aitzol eta Danel ikasleena da. Gazte honek gurekin praktikak egiten dabilzan LHko ikasleak dira.

Denzel, Udane, Aitzol eta Danel ikasleak habia-kutxak laguntzen ari dira
Denzel, Udane, Aitzol eta Danel ikasleak habia-kutxak jartzen laguntzen ari dira