Bermeoko Udalak Portuzarran oinezkoen espazioa eta aisialdia indartzeko neurriak jarriko dauz martxan

Datorren barikutik, martiaren 27tik, Bermeon Portuzarreko trafikoa mugatuko da 13:00etatik 18:00etara, aisia, bizikidetza eta inguruko jarduera bultzatzeko asmoz.

Portuko Udal Kontseiluan mahaigaineratu eta bertan parte hartzen daben guztien adostasuna jaso ostean, Bermeoko Udalak beste urrats bat emongo dau Portuzarra herritarren aisialdirako, topaketarako eta gozamen partekaturako espazio atseginago bihurtzeko bidean. Helburu horregaz, eremu horretan ibilgailuen zirkulazioa ordutegi jakin baten etetea erabaki da, herritarrek gunean lasaitasun handiagoz ibili daitezen eta inguruneaz modu atseginagoan gozatzeko baldintzak indartuz.

Portuzarra Bermeorentzat balio handiko gunea da: itsasoari begira dagoen espazio irekia, herritarren eguneroko bizitzan gero eta indar handiagoa hartzen ari dana. Hori dala eta, Udalaren ustez funtsezkoa da espazio publikoaren kalitatea zaintzea eta bertako erabilera atsegina sustatzea, herritar guztiek baldintza egokietan gozatzeko aukera izan deien. Neurri barriak martiaren 27tik aurrera jarriko dira indarrean, eta lehen fase honetan eremuaren sarrera itxiko da ordutegi jakin baten, trafiko arrunta ekiditeko eta oinezkoen presentziari lehentasuna emoteko.

Itxitiera ordutegia honako hau izango da: martxoaren 27tik apirilaren 12ra bitartean, egunero, 13:00etatik 18:00etara; Aste Santuan, uda sasoian (ekainaren 15etik irailaren 20ra), Gabonetan (abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra) eta jaiegunetan ere ordu berean itxiko da; eta urteko asteburu guztietan (bariku, zapatu eta domeketan), 13:00etatik 18:00etara egongo da itxita. Azpimarratzekoa da ordutegi horretan portua erabat itxita egongo dala ibilgailuentzat, larrialdi-egoerak salbu. Ondorioz, ibilgailua portura sartzen dabenek 13:00ak baino lehen atera beharko dabe, bestela 18:00ak arte ezin izango dabe bertatik mugitu. Halaber, ordutegi horretan ezingo da sarrerarik egin, salbuespenezko egoerak izan ezik.

Baimen bereziak eskatzeko epea apirilaren 15etik aurrera zabalduko da. Neurri hau pixkanaka ezarriko da; lehenengo fasean hesiak erabiliko dira sarrera kontrolatzeko, eta aurrerago kamera bidezko kontrol-sistema jartzea aurreikusten du Udalak, kudeaketa eraginkorragoa eta segurtasun handiagoa bermatzeko. Era berean, trafikoaren antolaketa hobetzeko, liburutegiaren aurrean biribilgune bat margotuko da, ibilgailuek modu errazago eta seguruagoan maniobratu ahal izan daien. Aurrerago, hurrengo fasean, Portuzarreko eguneroko jardueragaz eta bertako erabilera ohikoakaz lotura zuzena daben eragileentzat sarbide-baimen sistema bat ezarriko da, jarduera ekonomikoa eta auzoko bizimodua bermatzeko helburuagaz.

Horrela, amarratutako ontzien erabiltzaileek, lonjen jabeek, portuan jarduten daben kirol elkarteek, ostalaritza-establezimenduek eta gainerako negozioek zein inguruko bizilagunek, ibilgailuagaz sartzeko baimena eskatu ahal izango dabe. Kasu guztietan, baimendutako pertsona bakoitzak, gehienez, bi ibilgailuren matrikulak erregistratu ahal izango dauz. Interesdunek euren datuak emon beharko dabezapirilaren 15etik ekainaren 15era bitartean, Berhazen aurrez aurre edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Hala ere, nabarmendu nahi da aurtengo Aste Santuko oporretan ez dala baimenik aplikatuko eta ez dala salbuespenik egingo.

Bermeoko Udalaren ustez, neurri honek Portuzarraren izaera indartuko dau, paseorako eta harreman sozialerako gune atsegin eta ireki moduan. Nadia Nemeh Shomaly alkatearen hitzetan, “Portuzarra gure herriarentzat balio handiko espazioa da, eta denon artean zaindu eta gozatzeko modukoa izatea nahi dugu. Neurri honen bidez, herritarrei espazio lasaiagoa, seguruagoa eta atseginagoa eskaintzea dugu helburu”. Alkateak gaineratu duenez, hau probaldi gisa abiatuko da, eragina ebaluatzeko eta, beharrezkoa balitz, etorkizunean egokitzapenak egiteko. Azken batean, Udalak Portuzarraren erabilera anitzak bateragarri egin nahi dau, espazioaren izaera bizia mantenduz eta denon artean gozatzeko moduko gune zaindua izan daiten.