Gaur, martiak 27, eta bihar, martiak 28, motorren hotsa izango da nagusi Busturialdean, III. Urdaibai Rallya bueltan dator eta. Urdaibai Motorsportek antolatuta, eskualdeko errepideak ikuskizun bilakatuko dira auto zaleen gozamenerako.
Ekintzak gaur bertan, barikuan, martiak 27, hasiko dira. Arratsaldeko 16:15ean egingo dira egiaztapenak Mendatako Elexalde auzoan. Iluntzeko 20:00etan, barriz, rallyari hasiera ofiziala emoteko irteera ekitaldia egingo dabe Gernika-Lumoko Merkurio iturrian.
Bihar, zapatuan, martiak 28, izango da egun handia eta gogorra gidarientzat. Goizean goizetik arratsaldera arte, lau tarte nagusitan lehiatuko dira, eta horrek errepideetan eragina izango dau. Hemen dozue zapatuko egitarau zehatza, aurreikusitako bide mozketak eta tarte bakoitzaren ibilbide zehatza:
MAPA OROKORRA ETA TARTEEN XEHETASUNAK
Tarte bakoitzak norabide zehatz bat daukala gogoratu behar da, eta mapan ikusi daitekeen bezala, gidariek bide zehatz horiek jarraituko dituzte:

Goizeko saioa:
1. tartea: ‘Ibardegi’ (TC 1-3) – 14,30 km:
Ibilbidea: Belendizetik Gautegiz-Arteagara, Kortezubiko lurretan barrena. Mapan ikusten denez, Belendizen hasiko da eta Gautegiz-Arteagaraino joango da, Zelaiera bidean.
Bide mozketa: 08:15etik 13:15era.
Lasterketa orduak: 09:16an eta 11:44an.
2. tartea: ‘Egurrolea Olea’ (TC 2-4) – 9,18 km:
Ibilbidea: Muxikatik Morgara. Tarte hau Muxikako Ugarten hasi eta Morgara joango da, Andra Maritik igaroz.
Bide mozketa: 08:45etik 13:45era.
Lasterketa orduak: 09:49an eta 12:17an.
Arratsaldeko saioa:
3. tartea: ‘Arburu’ (TC 5-7) – 10,30 km:
Ibilbidea: Gernika-Lumotik Olabarrira. Gernika-Lumotik hasita, ibilbidea Errigoitiraino joango da, Olabarriko bidean.
Bide mozketa: 14:20etik 18:35era.
Lasterketa orduak: 15:23an eta 17:18an.
4. tartea: ‘Arambarri’ (TC 6-8) – 12,40 km:
Ibilbidea: Arrietatik Busturiara. Tarte hau Arrietan hasi eta Busturiaraino joango da, Altamirako bidetik.
Bide mozketa: 14:45etik 19:05era.
Lasterketa orduak: 15:46an eta 17:41ean.
Antolatzaileek gogorarazi dabe segurtasuna dela garrantzitsuena, bai gidarientzat, bai ikusleentzat. Mesedez, errespetatu bide mozketa orduak eta seinaleak, eta jarri leku seguruetan ikuskizunaz gozatzeko. Informazio gehiago gura dauenak edo denborak zuzenean jarraitu gura dauzanak, www.urdaibaimotorsport.eus webgunean daukaz datu guztiak.





