“Musikarako jaio naiz eta esateko asko daukat”

Leire Martinezegaz batera “Bila nazazu” kantua plazaratu eban Arima abeslari gernikarrak otsailean eta egundoko arrakasta izan dau sare sozialetan. Apiril bueltan argitaratuko dauen diskoak dakarzan sei piezetako bat da. Arimak sorpresa batzuk gorde ditu, esate baterako, beste artista ezagun bategaz be kolaborau dau baina ez dau argitu nogaz. Izenburua be azken-azkenetan erabagiko dau. Bakarkako lehenengo diskoa dauen arren, ibilbide luzea dauka Arimak musikagintzan: “Bi Bide” talde euskal-senegaldarreko kidea izateaz gan, Euskal Telebistako Ztanda saioa irabazi eban 2024an.

Laster plazaratuko dozu zeure bakarkako lehenengo diskoa. Zelakoa izango da?

Orain dala gitxi nire produktoreak esan eustan eklektikoa naizela, nik ez nekian zer dan hori baina egia da bat datorrela nigaz: danetariko musika gustetan jat, orokorrean, asko kostetan jat linea jakin bati eustea. Horregatik, orain eklektikotzat aurkezten dot neure burua. Dana dala, egia da beti tiratu izan deustala asko pop estiloak eta disko barria be horretan oinarrituta dago, soul eta rhythm and blues apur bat be badauka eta afro ikutudun kantaren bat sartzeko asmoa be badaukat. EP formatukoa izango da, hau da, sei abestiko diskoa.

Diskoko kantuak euskeraz izango dira, ezta?

Hizkuntzakaz be beti izan naiz nahiko eklektikoa, esate baterako, esan izan deuste ingelesez ondo kantetan dodala. Baina, bestetik, uste dot jenteari kostau egiten jakola ingelesezko berbak ulertzea eta, ganera, euskerari merezidu dauen garrantzia emon gura izan deutsat. Orduan, diskoa euskeraz izango da, bai. Beste gauza bat da, aparte, nik singleak ateratzea ingelesez, baina diskorako kantu guztiak euskerazkoak dira.
Ibilbide luzea egin dozu musikan baina hauxe izango dozu bakarkako lehenengo diskoa. Gogoa euki dozu honelako proiektu batean sartzeko?

Hor sarri pasetan dana da, talde baten parte zarenean konpromiso batzuk hartu behar dozuzala zeure sorkuntza proiektu horretara bideratzeko. Baina “Bi Bideren” kasuan guk beti garbi esan dogu geure bakarkako proiektuak be egingo genduzala. Kideak esan eustan berak bakarkako diskoak egiteko asmoa eukala eta nik erantzun neutsan ez egoala arazorik, neuk be asmo hori neukala.

Leire Martinezegaz kolaborazinoa egiteko aukera nondik heldu jatzun?

Diskorako lehenengo kantua idatzi nebanean, produkzino-etxera bialdu eta asko gustau jaken. Hareek emondako ikutua itzela zan, pentsau neban kantu hutsean ezin zala geratu, zeozer gehiago egin behar nebala. Ztanda saioan parte hartu nebanez, ezagutzen nebazan Alex Sardui eta Leire. 2025eko azkenetan gengozan, Gatibu azken kontzertuak emoten ebilen eta begitandu jatan Alexek ez ebala astirik izango niri kasu egiteko, eta Leireri idatzi neutsan Instagrametik. Eta bai ondo beragaz, dana erraz-erraza izan zan, prest agertu zan neugaz kolaboretako. Jakina, Leireren etxe diskografikoa handia da eta filtro asko pasau behar izan genduzan. Atera kontuak, kantua urrian egin neban, abendura arte ez genduan grabau eta otsailean urten dau, prozesu astuna izan da.

Zelako esperientzia izan da Leiregaz behar egitea?

Oso ona, oso jator portau da nigaz. Ztandatik alkar ezagutzen genduanez, lehendik konfiantza euki dogu eta horrek asko lagundu dau. Nire produktoreak, Jagoba Ormaetxeak, Otxarkoagan [Bilbo] euki dau estudioa, orain uri erdira aldatu da, baina Leire Otxarkoagara etorri zan goiz batean, bere partea grabetan egon zan eta dana joan zan ederto. Leirek eta Jagobak alkar ezagutzen eben lehendik, “La Oreja de Van Gogh”en sasoian kolaborazinoak egin ebezelako.

“Bila nazazu “ izenburua dauka Leiregaz grabau dozun kantuak. Zer adierazoten da bertan?

Askori pasau jakun egoera baten ingurukoa da. Sarri, harreman batean, bikote zein lagunartean, bietako batek besteak baino ahalegin handiagoa egiten dau. Neure bizipenetan oinarritzen naiz berbak idazteko, baina uste dot hori danok egiten dogula, modu inkontzietean bada be. Ganera, modu batean edo bestean mundu guztia identifikauta sentiduteko moduan idazten dot nik, danentzat idazten dot. Berba orokorrak idazten ahalegintzen naiz, gero bakotxak bere bizitzako alderdiren batean koadrau deian. Badago jentea ez daukana erraztasunik bere pentsamendu edo sentimenduak adierazoteko eta uste dot musikak eta arteak horretan lagundu behar dabela.

Nondik jatortzu musikarako zaletasuna?

Betidanik euki dot, etxean be abesteko zaletasuna euki dabe amak, osabak… Esan leiteke nire lehenengo aktuazinoa urte bigaz egin nebala, irratian. Abesti guztiak ikasten nebazan arin-arin, amak abesten eustazanak, eta “Mocedades” be entzuten neban, aitak autoko casettean ipinten ebalako. Hori ikusita, amak irratian jarri ninduan eta “Susanita” kantau neban. Geroago, ikastolan jaialdiak eta halakoak egiten ziranean danak egoten ziran neuri itxaroten. Uste dot danok jaioten garela zeozertarako eta ni honetarako jaio naiz, musikak bibrazinoa eragiten deust eta, ganera, esateko asko daukat. Ni beti izan naiz asko idaztekoa, lehen pilo bat eguneroko beteten nebazan, poemak eta abestiak be betidanik idatzi izan dodaz. Horreek kanta bihurtzen hasi nintzan.

Ze artista edo talde izan dira zure inspirazino edo ereduak?

Ahizta bat daukat ni baino zortzi urte zaharragoa eta akordetan naiz Mariah Careyren disko bat euki ebala, eta ni horregaz engantxau, buruz ikasi neban osorik. Ahiztak entzuten ebanagaz hazi nintzan: Michael Jackson, Nirvana, The Doors… Geroago Backstreet Boys eta Spice Girls agertu ziranean, niretzat beste mugarri bat izan zan. Pop estiloa izan da nire inspirazinoa, batez be ingelesez. Hori bai, nik ingelesez idazten dodaz neure kanta batzuk, baina beste batzuk euskeraz edo gaztelaniaz, momentuan jatortena.

Gaur egungo musikan be badozu erreferenterik?

Bai, beti ibili behar dozu aktualizetan, baina konturatu barik egiten dot, ze gaur egun dagozan gauza asko be gustetan jataz. Igual ateratzen dau Justin Bieberrek abesti bat eta pentsetan dot, ‘ostras, tipo hau kristoren makina da, artista hutsa!’. Miley Cyrus be entzuten dot sarri eta orain dala gitxi Nathy Pelusok atera dauena be bai, barrienak aitatzearren, baina lehenagokoak be entzuten dodaz, esate baterako Christina Aguilera, Mariah Carey, Michael Jackson eta Nirvana asko gustetan jataz.

Zure bakarkako proiektuaz aparte, “Bi Bide” taldean zabiz aspaldi honetan Brick Paco senegaldarragaz batera. Afro doinuak lantzen dozuez.

Guk ez genduan alkar ezagutzen, baina bai Brick Pacok eta bai neuk artista bat geunkan lagun, La Chula Potra nafarra, eta biok kolaborau genduan beragaz disko bereko kanta banatan. Sanferminetan diskoa aurkeztu ebanean, kontzertuaren kamerinoan ezagutu genduan alkar Brick Pacok eta neuk. Lehenengo momentutik begitandu jatan mutil harek sekulako flow-a eukala, artista hutsa zan, eta zeozer egitea proposatu neutsan. Kontua han geratu zan baina, handik denpora batera, pandemian aspertuta gengozala, barriro hasi ginan kontua lantzen eta han joan nintzan Iruñera, maskara eta guzti, Miresgarri kantua grabetan Brick Pacogaz.
Sanferminak, pandemia, lehenengo kantua… Azkenik, “Bi Bide” taldea sortu zenduen.

Miresgarri 2021ean grabau genduan baina 2023ra arte ez genduan zabaldu. Jenteari pilo bat gustau jakon eta orduan pentsau genduan alkarregaz zeozer gehiago egitea idea ona izan ahal zala. Orain arte bost abesti grabau doguz baina zuzeneko kontzertuetarako abesti gehiago be badaukaguz. Ganera, Brick Pacoren abestiak be erabilten doguz zuzenekoetan eta neureak be bai.

Afro estilora ondo egokitu zara?

Bai, ganera Brick Paco ederto konpontzen da estilo horretan, oso ona da. Reggae, Amapiano izeneko beste estilo bat eta holakoak sartzen doguz. Hizkuntzetan be nahaste polita dago, berak wolofez abesten dau, nik euskeraz. Harrera oso ona euki dau gure proposamenak.

Zelakoak dira “Bi Bide”ren kontzertuak?

Energia eta rollo ona dagoz. Oholtzan, gu biok eta DJaz aparte, ez dogu musikari askorik eukiten baina, batzuetan, baten bat egoten da gitarra joten, edo tinbalak. Musikariok normalean afrikarrak izaten dira eta momentu ederrak sortzen dira. Jenteak gura dauena da ondo pasau, jantzan egin, eta guk hori eskaintzen dogu. Udan izaten doguz kontzertu gehienak, eguraldi onagaz.

Eta bakarka be kontzerturik emongo dozu, diskoa aterako dozula aprobetxauta?

Bai, bai. Energiadun kontzertuak egin gura dodaz. Badaukadaz abesti batzuk apur bat suabetxuagoak baina zuzenekoan energia egongo da, ze gustetan jat jentea oxitozinaz beteta ikustea kontzertuetan, pozik eta dana emoten.

2024ko amaieran Euskal Telebistako Ztanda saioan parte hartu zenduan, bai eta irabazi be. Zelakoa da talent-show bat barrutik?

Ahaztezina izan zan, pasada bat. Ni pozik joaten nintzan saioetara. Nire lagun Amaia Uribek orduko haretan esan eustan sekula baino pozago ikusten ninduala, eta halan zan. Telebistan agertzeko erreparoa-edo egon leiteke, baina gure kasuan ez zan halakorik egon, eroso ibili ginan. Lehiakideon artean be giro polita sortu zan, alkarren arteko konpetentziaren ordez laguntasuna egon zan. Epaileak be jatorrak ziran, itzel pasau genduan.

Espero zenduan irabaztea?

Beti pentsetan dozu zeozer hobeto egin zeinkela baina, bestetik, danok dakigu bakotxa noraino heldu ahal dan, gitxi gorabehera. Orduan, nik ondo ikusi neban neure burua eta edozer pasau ahal zan, boletoak baneukazan irabazteko. Besteek be bardin pentsauko eben euren aukeren ganean, baina… Finalean Adeleren abesti bat kantetea tokau jatan eta polit-polita izan zan, akustikoan eta pianoagaz, luziduteko aukera emon eustan. Gozau egin neban eta hori igarri egiten da.

Artista ezagunak egon ziran epaile Ztandan. Hareen alboan asko ikasi zenduan?

Bai, asko ikasi genduan danok, ze eguenetan galak grabetan genduzan baina eguaztenero be joaten ginan Euskal Telebistara eta epaileak entseguak ikusten egoten ziran. Aholkuak emoten euskuezen. Lau epaile izan ziran: Leire Martinez, Alex Sardui, Beñat Chill Mafiakoa eta Klara Mendizabal sopranoa. Ganera, kantu irakasle bat be euki genduan, martitzenetan joaten ginan harengana, Galdakaora.
Saioan Leire Martinez ezagutu zenduanez, orain kolaborazinoa egin ahal izan dozu beragaz. Beste epaile edo lehiakideren bategaz egingo zenduke halakorik?

Ba, begira, saioko kide bat zan Beñat eta alkarregaz Mikel Laboaren kantu bat egin genduan Ztandan bertan. Laboaren kantuen medley bat zan, hau da, nahaste bat. Aste haretako gala irabazi genduan horri esker eta plataformetan be zabaldu genduan, geure kontura, bideoklip eta guzti. Harrera ona euki eban.

Lehiaketa irabazi eta gero ezagunagoa zarela igarri dozu?

Beñategaz gala irabazi eta laster, Urriko Azken Astelehena izan zan. Hantxe igarri neban lehenengoz jentea niri begira edo neugaz berba egin guran. Musikaren industriaren barruan be ikusten dot harrezkero kontuan hartzen nabela gehiago. Kontaktuak be egin dodaz, jente interesgarri asko ezagutu ahal izan dot Ztandari esker.

Aste gitxi barru bakarkako diskoa plazaratuko dozu, “Bi Bide” taldea be hor dago. Etorkizunerako zeintzuk dira zure asmoak musikagintzan?

Gurako neuke honetara dedikau %100ean. Bizitzeko emoten badeust, ni pozik. Horregaitik, etorkizunean datorren guztia hartzea da asmoa. Neuk be ateak jo beharko dodaz. Momentu egokian persona egokiagaz topo egitea da kontua.