Sustabiz Fundazinoa, 2023. urtetik, AEJeST Kirol Tradizionalen Europako Jokoen Alkarteko kide da. Halanda ze, aurton, lehenengo aldiz, administrazino kontsejua hartu dau. Ekitaldiak, 17 herrialdetako kirol-eliteak batu zituan.
Herri Kirolak, Euskal Pelotea eta Arrauna sustatzeko Sustabiz Fundazinoa, Joko eta Kirol Tradizionalen Europako Alkartearen (AEJeST) Administrazino Kontsejuko anfitrioia izan zan, martiaren 13tik 15era arte, Bilbon. Nazinoarteko erreferentea dan AEJeSTren Europa mailako topaketeak 17 herrialdetako kirol-eliteak batu zituan.
Martiaren 9an egin eben prentsaurrekoa Bizkaia Frontoian. Ondoko honeek hartu eben parte: Joseba Etxebarria (Sustabiz Fundazinoko arduraduna); Juan Miguel Ranero (Bizkaiko Herri Kirolak Federazinoko burua); Alicia García (Agiantza Alkarteko Baliabide eta Zerbitzuen koordinatzailea); Izaro Etxebarriazaro Etxebarria (Agiantza Alkarteko gizarte-integratzailea); eta, Isaak Leroux (Euskadiko Kamerundar Alkartea).
Sustabiz Fundazinoa, 2023. urtetik, AEJeST Kirol Tradizionalen Europako Jokoen Alkarteko kide da. AEJeSTren urteko batzarrean erabagiak hartzen eta bozketak egiten parte-hartzeaz gan, aurton administrazino kontsejua hartzeko ardurea izan dau. Joseba Etxebarriak, Sustabiz Fundazinoko arduradunak ondokoa adierazo eban: AEJeSTko kide izatea harro egoteko arrazoia da. Europa mailako beste alkarte batzuekaz hartu-emonetan egoteko eta sustapen eta ikerketa-proiektuak eta Erasmus lako programak martxan jarteko aukerea emoten deusku. Lankidetza horrek esperientzia baliotsua, etenbako ikaskuntza-prozesua eta goi-mailako hartu-emonak eskaintzen deutsoz Fundazinoari. Horri guztiari beste erantzukizun bat gehitu behar deutsagu orain: kirol tradizionalaren elite europarra batzen dauen topaketako anfitrioiak izatea. Horrek esan gura dau begirada guztiak gugan jarrita egongo dirala, ez bakarrik gure lanean, baita gure lurraldean be, Bizkaian.
Halanda ze, Sustabiz Fundazinoak Bizkaia 2026ko Kirolaren Europako Eskualde izentetako prozesuan parte hartu dau. Holan, ebaluazino prozesu zorrotzean kirol-jarduerak sustatzeko proiektua aurkeztu eutseen Sustabiz enpresako arduradunek ACES Europako ordezkaritzako ordezkariei, Bizkaia autortzeko.
Nazinoarteko jardunaldia
AEJeSTren Administrazino Kontsejuaren arloan, nazinoarteko jardunaldia egin zan martiaren 13an, Deustuko Unibersidadean. Izan be, Sustabiz Fundazinoak eta Deustuko Unibersidadeak hezkuntza-lankidetzarako hitzarmena sinatu eben 2024an, unibersidade-eremuan herri-kirolak, euskal pelotea eta arrauna sustatzeko, prestakuntzearen eta ikerketa zientifikoaren bidez. Deustuko Unibersidadeko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako eta Lehen Hezkuntzako gradu bikotxeko ikasleek euskal kirol tradizionalei buruzko ezagutzak ikasteko eta eskuratzeko aukerea dabe. Gainera, prestakuntza eta dibulgazino-jardueretan eta herri kirolakaz lotutako hainbat ekitalditan parte-hartzea be sustatzen da. Ekitaldia, helburu horren barruan egoan, eta kirol tradizionalen elite europarra batutako hitzaldi nabarmena eta ondorengo mahai-ingurua izan eban.
Jardunaldia 12:00etan hasi zan, Identidadea, Kulturea eta Tradizinoa jokoaren eta kirolaren bidez izenburupean. Bertan, Pere Lavega AEJeSTko presidenteak, Isabel Rubio Deustuko Unibersidadeko Hezkuntza eta Kirol Fakultadeko dekanoak, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotziak eta Bilbao Kiroletako presidenteak, Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendari nagusiak parte hartu eben, baita ACES Europako ordezkari batek, Philipp Müller-Wirth UNESCOko Kirol ataleko zuzendariak eta Joseba Etxebarria Sustabiz Fundazinoko arduradunak be.
Nazinoarteko konferentzian, Pere Lavega AEJeSTko presidente eta INEFC irakasle katedraduna eta Dani Carballo EHUko arkitektoa izan ziran hizlariak. Pere Lavegak haren lan profesionala (irakaslea eta ikertzailea) joko-motorraren inguruan egin eban berba, batez be, joko tradizionalen inguruan eta Joko eta Kirol Tradizionaletako Irakasleen eta Ikertzaileen Munduko Sareko presidentea be bada. Lavegak Gorputz-hezkuntzak amets bat dauka: gizartea kirol joko tradizionalen bidez eraldatzea hitzaldia aurkeztu eban. Daniel Carballo Ostolaza arkitekturan doktorea, EHUko irakaslea eta arkitektoa da, eta Plazas con frontón de Euskal Herria liburuaren koordinatzailea izan da. Carballok Pelota jokoaren historia eta espazioaren garapena gaia jorratu eban.
Ondoren, Pere Lavegak gidatutako mahai-ingurua hasi zan, Joko eta Kirol Tradizionalak Europan. Sareko lana, Gorputz Hezkuntzako eta Kiroleko profesionalentzat giltzarria izenburupean. Hizlariak ondokoak izan ziran: José Ángel Hoyos, AEJeSTko presidenteorde ekonomikoa eta Bolos Cantabria Fundazinoko arduraduna; Paolo Avigo, JT AEJeST Dokumentazino eta Errekonozimentu presidenteordea eta AGAko presidentea, Italia; eta Joseba Etxebarria, Sustabiz Fundazinoko zuzendaria.
Hitzaldia AEJeSTek eta Sustabiz Fundazinoak atonduta, Deustuko Unibersidadea, Bizkaiko Foru Aldundia eta Kirolur izan zituan laguntzaile.

Kulturartekotasunaren aldeko joko eta kirol autoktonoen jardunaldia
Bizkaia izentau eben Kirolaren Europako Eskualde 2026, ACES Europe erakundeak, Europako Batzordeagaz lankidetzan, emondako autortza entzutetsua. ACES Europek balorau egin eban Bizkaiak kirolaren balioekaz daukan konpromisoa, baita gizarteratzeko, ondoizatea hobetzeko eta herritarren bizi-kalidadea hobetzeko tresna lez kirolak daukan eginkizuna. Kirolaren Europako Eskualde izentatzea bultzadea erabagigarria izango da lurraldean kirol-jarduera indartzeko eta Bizkaiko kirolaren eta ondoizatearen eredua nazinoartean proiektetako.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Kirolur programaren barruan (Bizkaia, Kirolaren Europako Lurraldea 2026) eta AEJeSTen Europako topaketaren barruan, martiaren 15ean, goizean, Bilboko Emakumeen Plazan Munduko Kirolak jardunaldia egin zan: Bilbon eta Bizkaian dagozen migrazino-komunidadeetako joko eta kirol autoktonoen jardunaldia. Helburua kulturartekotasuna eta espazioa partekatzearen aberastasuna sustatzea zan, joko eta kirol tradizionalakaz alkarreragiteko.
Ekitaldi horretan Bizkaiko eta Euskadiko kirol eta joko tradizionalak ikusarazo ziran, baita Kamerun, Aljeria, Maroko, Bolivia edo Asturiasekoak be. Helburua zan kulturartekotasuna, kohesinoa eta lankidetza sustatzea, joko eta kirol tradizionalak praktikau eta horreek ikusarazotea. Ekitaldia erakustaldi moduan planteau zan, parte-hartzeko aukerea be emonez, halanda ze, bertaratutako ikusleek parte hartu eta probau ahal izan eben
Sustabiz Fundazinoak aizkolaritza erakustaldi berezia eskaini eban, diziplina horren egungo modalidadea nondik datorren ondoen erakusten dauen diziplineagaz. Enborra bertikalean moztean datza, 5 metroko altueran eta oso kirolari gitxik egiten dabe. Beraz, sekulako ikuskizuna eskaini eben.
Euskadiko Kamerundar Alkarteak Kamerungo burrukearen erakustaldia eskaini eban. Horrezaz gan, bardintasunaren aldeko lana erakutsi eben, Kamerunen debekauta dagoan kirol honetan emakumeei ateak edegiz.
Agiantza alkartearen helburua da desabantaila sozialei buruzko ezagutzak sortzea eta gizarteari itzultzea, Bilboko eta Meatzaldeko desabantaila sozial handiena daben personei aukerea emonez. Talde horrek Aljeria, Maroko eta Boliviako jokoak ikusgai jarri zituan. Helburua espazio ludiko eta parte-hartzailea sortzea zan, kirolaren bidez kulturen arteko alkarbizitzea sustatzeko.
Asturiasko 6 Conceyos Alkarteak be parte hartuko eban euskal trontzeagaz antzekotasuna daukan diziplineagaz, baita izaera ludikoagoagaz be. Gainera, Bilboko Esperantza Pelota Klubeak, joko zuzenaren bitartez antxinako pelota modalidadea berreskuratu eban, pasaka.
Sustabiz Fundazinoa
Sustabiz Fundazinoa iribazi asmorik bako entidade pribatua da. Euren helburuen artean ondoko honeek dagoz: Herri Kirolak, Euskal Pelotea eta Arrauna sustatzea eta herabarritzea; Urdaibaiko herrietako taldeen artean Euskal Pelotea, Arrauna eta Herri kirolak sustatzea; Gazteengan, euskal kulturearen eta kirolaren arteko eta inguruko talde, auzo eta herriekaz hartu-emonak barneratzea eta egonkortzea; eta, jaialdiak topaleku sozial konbertidutea.
Helburu horrek eskuratzeko, ondoko egitasmoak eroaten ditue aurrera: Urdaibaiko 20 udalerriren artean koordinazino lana egiturau eta egonkortzea; emakumeen parte-hatzea sustatzea; Herri Kirolen, Arraunaren eta Euskal Pelotearen modalidadeen ezaugarriak eta jatorria ezagutzera emotea; Euskal Pelota klubak egonkortzea; Herri Kirol Klubak sortu eta egonkortzea; Herri Kirol instalazinoa sortzea Urdaibai mailean; eta, Gernikaldean arrauna sustatu eta egonkortzea.





