Bermeoko Udaleko Behargintzak 2025eko jardunaren balantzea aurkeztu dau, emaitza sendoak eta hazkunde nabarmena azpimarratuz, eta bide batez, 2026rako erronka estrategikoak be zehaztu dauz.
Herriko enplegua eta garapen ekonomikoa sustatzeko helburuari eutsita, urteak aurrerapauso kualitatiboa ekarri dau, bai baliabideetan, bai eta garatutako proiektuetan be.
2025ean zehar, Behargintzak hasieran aurreikusitakoa baino %46 baliabide gehiago kudeatzea lortu dau: guztira 615.542,80 euroko aurrekontuagaz. Horren %73,66 (453.000 euro inguru) dirulaguntzen eta beste erakunde batzuen ekarpenen bidez lortu da. Testuinguru horretan, azpimarratzekoa da Behargintzako lantaldea udaleko langileen %1,76 baino ez izanik, udal aurrekontuaren %4,82 kudeatzea lortu dauela, efizientzia maila handia erakutsiz.
Jardunaren ikuspegitik, sustapen ekonomikoak pisu handia izan dau, batez be enpresa-lehiakortasunari eta ekintzailetzari lotutako ekimenetan.
Horrela, ekintzailetzan 86 ideia landu dira, 52 proiektu tutorizatu eta 30 enpresa barri sortu dira; guztira 495.917,38 euroko dirulaguntzak kudeatu direlarik. Eta enpresa arloan aurrerapauso nabarmena emon da; 6 proiektu estrategiko garatu dira, 98.606 euroko inbertsioa mugiaraziz eta 80.000 euroko dirulaguntzak lortuz (industria-sektoreko 41 enpresari laguntza emon jake).
Merkataritzaren arloan kanpaina barriek 115 merkatariren parte-hartzea erakarri dabe, eta udalak 60.266 euroko inbertsioa egin dau. Tokiko kontsumoaren aldeko sentsibilizazioa indartu da, eta sektorearen lehiakortasuna hobetzeko prestakuntza eta aholkularitza eskaini dira.
Toki garapena eta enplegua
Toki garapenaren esparruan, hainbat proiektu estrategiko bultzatu dira, guztira 327.022,70 euroko inbertsioagaz (horietatik 277.800 euro dirulaguntzen bidez lortutakoak). Ekimen horrei esker, 68 enpresa eta erakunderi emon jake laguntza, enplegua sustatzeko, kontratazioa errazteko eta herritarrentzako zerbitzu barriak sortzeko. Enplegu-planen barruan, gainera, 340.000 euro inguruko baliabideak kudeatu dira.
Eta enpleguari dagokionez, 70 pertsonari emon jake orientazioa eta 24 pertsonari lagundu jake laneratze-prozesuetan. Bestalde, eskualdeko lankidetza be sendotu da, batez be Mundaka eta Sukarrietako udalegaz, 2026rako proiektu partekatuak eta 34 kontratazio aurreikusiz.
Maite Caruezo Ugalde, Bermeoko Udaleko garapen ekonomikorako zinegotziak azaldu dauenez “askotan ez da ikusten egiten dan lana, baina datuek argi erakusten dabe atzean dagoen ahalegina eta eragina. Baliabide gehiago erakartzea, enpresei laguntzea, enplegua sustatzea edo ekintzaileei bidea erraztea eguneroko lanaren parte da, eta horrek zuzenean eragiten dau herriaren garapenean. Behargintzak egiten dauen lana funtsezkoa da, nahiz eta beti lehen lerroan ez egon”.*
Erronka barriak (2026)
Aurrera begira, 2026. urtea etapa barri baten hasiera izango da. Alde batetik, Ekonomia urdina garapen-ildo estrategiko nagusietako bat izango da, itsas-sektoreari eta portuaren eraldaketari lotutako aukerak aprobetxatuz jarduera ekonomiko barriak eta enplegua sustatzeko.
Beste erronka bat lidergoa eta hurbiltasuna mantentzea izango da. Behargintzak tokiko enplegu eta garapen ekonomikoaren lidergoa hartuko dau plan estrategiko propio baten bidez. Orientazio eta lan-bitartekaritza zerbitzuak indartuko dira, herritarrei zein enpresei arreta hurbilagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko.
Eta aliantzen bidez lankidetza sarea sendotzen jarraituko dabe tokiko, eskualdeko eta autonomia mailako eragileegaz, ekintzailetza, merkataritza eta enpresen lehiakortasuna bultzatzen jarraitzeko.
Laburbilduta, 2025ean lortutako emaitzek erakusten dabe Behargintzak gaitasun handia dauela baliabideak erakartzeko eta herriko garapenean eragiteko.





