Mundakako aratusteen inguruan hitz egiteko, Gaizka Lozanorekin bildu gara, Mundakako Atorrak elkarteko presidentearekin. Urte luzez herriko tradizio honen parte izan ondoren, gaur egun elkartearen gidaritzan dago, eta lehen pertsonan bizi izan dau azken urteotan ospakizun honek euki dauen bilakaera. Berriki argitaratutako liburuaren aitzakia hartuz, Atorren historiari eta gaur egun Mundakan duen indarrari buruzko gakoak azaldu dauskuz.
Noz sortu zen Mundakako Atorrak liburua argitaratzeko ideia?
Liburua egiteko ideia ez da berria, aspaldikoa baizik. Beti sentitu izan dogu ez dakigula zehatz-mehatz zein den Mundakako aratusteen jatorria, eta dakigunaren zati handi bat istorio solteen bidez iristen jakula. Informazio hori oso baliotsua da, baina oso hauskorra ere bai, eta beldur ginen galduko ete zan.
Orain dela hogei bat urte elkarte gisa formalki eratzea erabaki genduen, besteak beste, gero eta gehiago ginelako, antolatu beharra zegoelako eta beharrezkoa zelako Udalarekin harreman normalizatuagoa izatea. Orduan bertan liburu bat egiteko asmoa aipatu genduen, baina azkenean jai egun handia pasata, egunerokotasunera itzultzean, beste urte bat pasa dela konturatzen zara proiektua amaitu gabe. Hala ere, bi hamarkada ondoren gure hasierako helburua betetzea lortu dogu.
Zenbatek parte hartu dozue zuzenean liburua egiten? Nola antolatu zarie?
Muin gogorrean, hots, testuaren idazketan, maketazioan eta bolumenari forma ematen, zazpi pertsona inguru egon gara. Baina bidegabea litzateke esatea guk bakarrik egin dogula, atzean askoz jende gehiago dagoelako. Adineko bizilagunak elkarrizketatu doguz, etxeetan gordeta zegozan argazkiak jaso doguz baita udal artxiboak kontsultatu ere. Azkenean, liburua dirudiena baino askoz koralagoa da.
Ni, pertsonalki, ez naz hainbeste egon erredakzio zatian, hor lau pertsonako talde bat egon da, eta gero beste pertsona batek eroan dau maketazioa. Nire ekarpena partituren aldetik gehiago joan da, beste kide batekin batera. Inork ez dau profesionalki musikan edo edizioan lan egiten, baina bakoitzak egin ahal ebanaren arabera banatu doguz zereginak.
Nola finantzatu dozue argitalpena?
Hasieratik argi genduenez ez genduela nahi prezioa oztopo bat izatea, argitalpena ia kostuan planteatu dogu. Lehenengo kontuak egin genduzan ale bakoitza zenbat kostatuko eban ikusteko eta, hortik aurrera, Udalera eta Aldundira jo genduen kostu hori jaistea ahalbidetuko euskuen diru-laguntzak eskatzeko. Erakundeen laguntza horrekin, liburua oso prezio estuan ateratzea lortu dogu, 25 eurotan. Gure asmoa ez da dirua irabaztea, ezta horrekin negozioa egitea ere, baizik eta berdintzea, gastuak estaltzea eta, batez ere, liburua Mundakarako erreferentziazko dokumentua izatea eta ahalik eta jende gehienak izatea lortzea.
Zer iturri mota erabili dozuez Atorrak eta Mundakako aratusteen historia berreraikitzeko?
Eskura izan dogun material guztia baliatu dogu, ahalik eta ikuspegi osatuena lortzeko. Batetik, bazegoen “lehenagotik” genekiena: herriko adinekoek gordetzen ebezan oroitzapenak, belaunaldiz belaunaldi transmititu diren ahozko kontakizunak eta denborarekin sendotu diren pasadizoak.
Bestetik, udal artxiboetara jo dogu, jaiak eta akordio ofizialak jasotzen ebezan liburuetara, eta aratusteei buruzko aipamen, ohar edo erreferentzia txikiak arakatu doguz. Horrela jakin dogu, esaterako, 1843an alkateak gobernadoreari baimena eskatu eutsola “esa fiesta tan inmemorial” ospatu ahal izateko. Aipamen horrek erreferentzia dokumental sendo eta zaharra eskaintzen dausku, tradizioaren sakontasuna egiaztatzeko. Horri guztiari herritarrek itzitako argazkiak gehitu behar jakoz. Irudi gehienak XX. mendearen erdialdekoak badira ere, argi dago tradizioa askoz lehenagotik datorrela.
“Historiaren zati bat ez dogula inoiz erabat ezagutuko badakigu, baina horregatik argi euki gendun ezin gendula onartu orain sortzen ari garena idatzi eta grabatu gabe geratzea”.
Horregatik grabatu dozue disko bat ere?
Hori da; ez badozulako idazten edo grabatzen, galdu egin ahal dalako. Atorren abestiak ez dira kantuak bakarrik, azken urtean herrian gertatu dena kontatzen dauen kronika musikal antzeko bat baizik. Beraz, idazten edo grabatzen ez badozuz, abesti horreek desagertu daitezke edo erdizka gogoratu. Lehen normala zen gauza asko ez argitaratzea, beste garai batzuk ziren, baina gaur egun hori barkaezina izango zen. Horregatik grabatu dogu estudioko disko bat gure hamabi kanturekin.
Liburua egiteko prozesuan, zein izan da zailtasunik handiena?
Zailtasunik handiena, zalantzarik gabe, liburua bera sortzea izan da. Sinplea emoten dau, baina horrela da. Denbora ateratzea, koordinatzea, lan pertsonala eta profesionala uztartzea… horrek guztiak tentsioak, epemugak eta nerbioak sortzen dauz. Edukiari jagokonez, ez da aurkikuntza handien lana izan, izan eren, benetako lana eskura euki gendun materiala batu eta ordenatzea izan da. Ildo beretik, hasieran ez gendun euki argi nola egituratu,baina azkenean garai eta hamarkadaka antolatzea erabaki genduen, Atorren bilakaera herriaren bilakaera sozialarekin lotuz. Horrek balio erantsia ematen dautsola uste dot, koplak ez ezik, sortzen den testuingurua ere aipatzen dozulako.
Diktadurari buruzko atal garrantzitsu bat dauka liburuak. Nola bizi izan zen etapa hori Mundakan eta nola lortu zen aratusteei eustea?
Mundakako aratustea diktadura garaian bizirik iraun eban Euskadiko bakanetakoa izan zen, eta horrek berak adierazten dau testuingurua zein zaila zen. Egia da oso Ator gutxi ateratzen zirela kalera, baina, hala ere, gaur egun egiten dogunaren oinarria mantendu eben, hots, zuriz jantzi eta kalez kale kantatu. Hala ere, antzekotasun horren azpian alde nabarmen bat egoan: orduan dena askoz kontu handiagoz egin behar eben.
Testuinguru politiko hartan, letrak moldatu eta mozorrotu egiten ebezan debekurik ez jasotzeko, kritikak sotilki ezkutatzen ebezan, eta gaur buruan eroaten dogn burko-zorroa aurpegia estali eta hortaz ezagutearraza ez izateko baliatzen eben. Argazki batzuetan guardia zibilak agertzen dira Atorren atzetik giroaren tentsioa agerian itziz; izan ere, zenbaitetan kalera urten eta berehala alde egin behar izaten eben, jazarriak zirelako.
Hala eta guztiz ere, ahal zen neurrian mantendu ziren, eta, horri esker, jaia ez zen erabat desagertu. Bere garaian, aratusteak mantentzea, argi eta garbi, errebeldia ekintza bat izan zen, azkenean, hau garai hartako moralarekin eta elizak erregimenaren barruan eukan pisuarekin talka egiten eban jai pagano bat delako.
Diktaduraren ondoren Lamiak agertu ziren. Zer suposatu eban horrek?
Diktaduraren ondoren emakumeek gero eta presentzia handiagoa hartu eben arlo guztietan, eta Mundakan antzeko zerbait gertatu zen. Neska gazte talde batek Lamiaren figura sortzea erabaki eban, ordura arte goizean zuriz ateratzen ziren Atorrek osatzen eben jaia osatzeko. Ordutik aurrera, arratsaldean beltzez ateratzen dira, beren estetika eta kalean egoteko modu propioarekin. Gaur egun ez genduke aratusterik ulertuko irudi bikoitz hori barik: goiz zuria eta arratsalde beltza. Datorren urtean Lamiek 50 urte beteko dabez, beraiek ere tradizio propioa sortu dabela agerian itziz.
Azken urteotan asko hitz egin da aratusteen “masifikazioaz”. Nola aldatu da parte-hartzea?
Izugarrizko aldaketa egon da. 70eko hamarkadaren amaieran edo 80ko hamarkadaren hasieran 20, 25 edo gehienez 30 lagun ateratzen ziren; gaur egun, berriz, Atorren Elkarteak 430 bazkide daukaz eta Lamiak 300etik gora dira. 1.800 biztanle pasatxoko herri batean, egun bakar batean ia 500 lagunek modu aktiboan parte hartzea datu esanguratsua da.
Gaur egungo erronka ez da jaia bizirik mantentzea, baizik eta parte-hartze kopuru hori behar bezala kudeatu eta koordinatzea, dena egoki funtziona dezan. Horregatik erabaki genduen orain dala urte batzuk elkarte gisa antolatzea, hazkunde hori modu egituratuan bideratzeko. Azken batean, sarri esaten dogun bezala, oparotasuna kudeatzea tokatu jaku; eta hori, noski, ongi etorria da, aratusteek herritarrengan daukan errotzea benetan apartekoa delako.
Zer berezitasun dauka, zure ustez, Mundakako aratusteak Bizkaiko edo Euskal Herriko beste inauteriekin alderatuta?
Niretzat, bereizgarririk handiena historia da; izan ere, gaur egun ezagutzen doguzan inauteri gehienak 1977tik aurrera berpiztu ziren bitartean, gureak, dakigunez behintzat, 200 urte baino gehiagoko ibilbidea dauka eta, gainera, garairik zailenetan ere bizirik mantentzeko gai izan da. Horrek ematen dautso lehen sendotasun bat. Bestalde, ez da erakundeek diseinatutako edo goitik behera antolatutako inauteria; ez dau Udalak markatzen, ezta batzorde formal batek gidatzen ere. Herriko jendeak berak antolatzen dau, barrutik sortzen den ekimena da, eta horrek izaera berezia ematen dautso. Azkenik, lehen komentatu dodan moduan, parte-hartzea. Hain herri txikian egun horretan hainbeste lagun modu aktiboan inplikatzea ez da ohikoa, eta dimentsio horrek ere laguntzen dau sentitzen doguna indartzen: hemen daukuguna ez dela edonolakoa, baizik eta benetan berezia.
Zer rol jokatzen dau musikak guzti honetan? Zein instrumenturekin ateratzen zarie kalera?
Musika funtsezkoa da, hori barik ez dago aratuste egunik. Normalean akordeoiekin, gitarrekin, mandolinekin eta biolinen batekin ateratzen gara kalera, estudiantina estiloko talde xume baina ezaguterraza osatuz.
Eta eguraldiari jagokonez, lagun bada, kalez kale ibiltzen gara, baina eguraldi oso txarra suertatzen bajaku arkupeetan babesten gara. Edonola ere, helburua beti bera da: koplak abestea.
Noiz hasten da lotura pertsonala Atorrekin?
Gaur egun 18 urterekin hasten da, nahiz eta aspaldi 16rekin sartzeko aukera egoan. Gazteek irrikan itxaroten dabe adin hori betetzeko, zuriz jantzi eta taldearekin kalera ateratzeko unea iritsi arte. Horrela hasten da askorentzat benetako lotura pertsonala Atorregaz.
Ohikoa da aita-semeak baita aitona-bilobak ere batera ikustea, eta belaunaldi arteko jarraikortasun horrek balio berezia ematen dautso tradizioari. Goizeko pasakalean parte hartu ondoren, eguna Mundakako Kasinoan egiten den bazkariarekin borobiltzen da; une horretan belaunaldiak nahasten dira, harreman berriak sortzen dira eta herri-sentimendua sendotu egiten da.
Zer esan nahi dau zuretzat Atorra izateak?
Niretzat eta beste askorentzat bi une dagoz bereziki esanguratsuak. Bata da José María Egileor bizi izan zen etxearen aurrean kantatzen hasten garenean. Une horretan ez bajatzu barrua mugitzen, zerbait falta jatzu. Bigarren unea, berriz, Lamiekin topo egitean heltzen da; izan ere, orain dala hamabost urte ingurutik, arratsaldeko kalejiran, Kale Nagusian elkartzen gara eta elkarrekin bi kanta abesten doguz; goizeko eta arratsaldeko munduek bat egiten dabe une labur baina oso intentsu batean. Hor ere, barruan zerbait pizten ez bajatzu, nekez sentituko zara Atorra edo Lamia. Azkenean, hau ez da egun batez mozorroa janztea edo ohitura bati jarraitzea soilik; barrutik bizi den zerbait da, herria eta ospakizuna ulertzeko eta sentitzeko modu bat.
Eta etorkizunari begira, zer nahiko zenduke ulertzea gaur egungo Atorrei buruz?
Mantendu dugula jasotako tradizioa eta, aldi berean, herrian are gehiago errotzea lortu dogula. Etorriko dira beste batzuk eta egokituko dabe tradizio hau bizitzea tokatzen jaken garaietara, guk egin dogun bezala, baina garrantzitsuena da esentzia mantentzea. Aldatuko da, baina ez deiala sekula galdu ezagun egiten dauen mami hori.





