Herriak “Gerrarik ez” lemaredun panelak ipini dauz eta Picassoren ‘Guernica’ bertara ekartzea eskatu dau.
Udalak gerran aurkako mezua indartu dau apirilaren 1 honetan, 1939an Espainiako Gerra Zibila amaitu zaneko urteurrena gogoratuz. Ekitaldi instituzional baten bidez, herriak bere mezu bakezalea zabaldu dau barriro be espazio publikoan.
Goizean, formatu handiko bi panel —lau metroko zabalerakoak— ipini dabez udaletxeko fatxadan “Gerrarik ez” lemagaz eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko deia eginez. Ekimen honegaz, herriak indarkeriaren aurrean nazioarteko ikur lez daukagun indarra nabarmendu gura izan dau.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak egun honen karga historikoagaz lotu dau ekimena eta azaldu dauenez “1939ko apirilaren 1ean amaitu zan Gerra Zibila, orain dala 87 urte. Gernika bakearen eta adiskidetzearen herria da, eta indarkeriari gure gaitzespena adierazi gura diogu, biktimen aldeko kontzientzia sortu eta balore demokratikoak defendatu”.
Alkateak, gainera, gatazka armatuek mundu osoan ekartzen dauskuezan ondorioez ohartarazi dau: “Gerrek gosetea, pobrezia, erbestea eta heriotza ekartzen dabe munduko toki askotara”, esan dau. Jarraian, herriaren nahia azpimarratu dau: “Hemendik deiadar bat egin gura dugu bakearen, adiskidetzearen eta giza eskubideen alde”.
Bere berbaldian, Gorroñok egun hau herriko memoriaregaz eta Pablo Picassoren Guernica koadroaren inguruko kultur aldarrikapenagaz be lotu dau.
“25 egun barru, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren urteurrena izango da. ‘Guernica’ 1981ean heldu zan Madrilera New Yorkeko Moma museotik, baina herri honek bertara ekartzea eskatzen jarraitzen dau: ‘Guernica Gernikara'”, adierazi dau, gaur egun Madrilgo Reina Sofia Museoan dagoen artelanari buruz.
Azkenik, alkateak gogora ekarri dau erasoak herrian eragin eban triskantza: herria “% 85 baino gehiago suntsituta eta sutan” geratu zan, eta 1.600 biktima baino gehiago izan zirela kalkulatzen dabe historialariek.
Ekimen honek gatazkaren amaierako memoria eta gaur egungo irakurketa lotzen dauz, izena 1937ko bonbardaketari eta bakearen aldeko mundu mailako kontakizunari lotuta daukan herri baten.





