Bigarren Errepublikako 95. urteurrena gogoratuko dabe Gernikan eta inguruetan

Aurten beteten dira 95 urte Bigarren Errepublikea aldarrikatu zanetik, eta hori dala-eta, Pipergorri Kultur Alkarteak egitarau berezia prestatu dau apirilerako. Oroimen historikoa bizirik eusteko asmoagaz, gure historiako pasarte garrantzitsu bi gogoratuko dira: Errepublikearen ezarpena eta gerra garaiko bonbardaketen sarraskia.

Lore eskaintza eta omenaldia

Ekitaldiak apirilaren 14an, martitzena, hasiko dira. Egun horretan, eguerdiko 12:00etan, lore eskaintza egingo da 95. urteurrena omentzeko. Ekitaldia bi gune adierazgarritan egingo da: Zalloko 269 Memorialean eta Gernika BHIko 269 Memoriaren Lekuan. Ekintza honen helburua garai haretan askatasunaren alde burruka egin ebenak gogoratzea da.

Berbaldia: Bonbardaketen giza kostua

Omenaldiaz gain, hausnarketarako tartea be egongo da apirilaren 16an, eguena. Arratsaldeko 18:30etik 20:00etara, berbaldi interesgarri bat eskainiko da kultur etxean: “El coste humano de los bombardeos. Durango 31M1937”.

Hizlari lez aditu bi egongo dira. Jon Penche González, UNESCO Katedrako EHUko ikertzailea eta Jimi Jiménez Sánchez, Gerediaga Elkarteko historialari eta ikertzailea.

Saio honetan, Durango eta inguruko bonbardaketek itxi eben arrasto mingarria eta biktimen gaineko azterketa sakona egingo dabe, herritar guztiei zabalik egongo dan saioan.