Gernika-Lumoko Foru Plazan, udaletxearen aurre-aurrean, panel handi eta deigarri bat jarri dabe desarme nuklearraren alde eta gerrearen kontra egiteko.
Instalazino honek mezu zuzena dauka, eta ez da apaingarri hutsa; herritarrei hausnarketa eragiteko pentsatutako pieza bat da. Aukeratutako sasoia be ez da kasualidadea izan, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketearen 89. urteurrena gogoratzeko ekitaldien barruan kokatu dabe-eta. Horrela, herriaren izena suntsipenagaz lotzen daben oroitzapenak eta bakearen aldeko gaur egungo konpromisoa buztartu gura izan ditue.
Panelaren edukia Armak Nuklearrak Debekatzeko Itunagaz (ANDI) lotuta dago, eta gogorarazten dau Gernika-Lumo Desarme Nuklearraren aldeko Alkarteko kide dala. Mezuak hiru hizkuntzatan —euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez— argi eta garbi azaltzen dau armak nuklearrak gizateria osoarentzako arrisku sistema bat dirala, eta ez mehatxu estrategiko hutsak.
Testuak gizarte osoaren erantzukizunari dei egiten deutso, disuazinoan oinarritutako segurtasun logikearen aurka egiteko. Gernika-Lumo izan zan, hain zuzen be, itun honi atxiki jakon Euskadiko lehen udala, eta keinu horregaz herriak memoriagaz eta ekintza politikoagaz daukan konpromisoa berresten dau.
Esku-hartze hau ez da bakarra izan, udaletxeko fatxadan be “Gerrari ez” dioten lau metroko bi panel handi jarri barri ditue-eta. Elementu guzti honek multzo bisual bat osotzen dabe herriko gune nagusian, bakearen aldeko mezua indartuz.
Kokapena bera be aproposa da, panel barria eta fatxadakoak alkarregaz berbetan dagozalako, plaza herriko ardatz sinboliko bihurtuz. Gernika-Lumonentzat oroimena ez da kontu itxi bat, orainaldira proiektatutako argudioa baino. 1937ko bonbardaketeak herriaren itxurea ez ezik, bere jarrera instituzionala be markatu dau; horregaitik, panela jartea ez da ospakizun huts bat, gaur egungo eztabaidetan parte hartzeko modu bat baino.





