Gautegiz Arteagako Udalak, martxoaren 31ko Osoko Bilkuran, 2025eko aurrekontuaren likidazinoaren barri emon eban (843.523 €-ko sobrakina), eta udal-eraikinak garbitzeko zerbitzuaren esleipena eta coworking espazioaren eta zerbitzu publikoen erabileraren eta administrazino-jardueren tasak onartu ebazan, besteak beste.
Udalaren 2025eko ekitaldiko aurrekontuaren likidazinoari buruzko informazinoa emon da, 843.523 €-ko diruzaintzako gerakinagaz. Horrek erakusten dau Gautegiz Arteaga ekonomikoki egonkorra dan udalerria dala, eta finantza-osasun ona dauela.
“Gure udal-aurrekontuan sobrakin on bat eukitzeak esan gura dau kontuak ordenan doguzala, diru-sarreren eta gastuen kudeaketa arduratsuari esker eta, batez be, dirulaguntzen kudeaketa eraginkorrari esker. Horri esker, herrian egin doguzan inbersino garrantzitsuei ekin ahal izan deutsegu eta, aldi berean, gerakinari eutsi ahal izan deutsagu. Horrek aukera emoten deusku herritarrentzat onuragarriak izango diran erabagiak hartzeko, eta aukera emoten deusku orain ustekabeei nasaitasunez aurre egiteko baliabide ekonomikoak izateko eta inbersino, zerbitzu eta hobekuntza barriak egiteko gaitasun handiagoa izateko”, adierazi dau Patrik Saitua Betanzos alkateak.
Osoko Bilkuran aipatutako informazio interesgarrien artean, nabarmentzekoa da dagoeneko esleitu direla parke berrian farolak jartzeko obrak; Isla Bekoako trafikoa lasaitzearekin lotutakoak (bideberdea, oinezkoen pasabidea eta markesina); Herriko Plazako markesinaren obra; eta auto elektrikoentzako karga-puntua jartzea. Horreek guztiak 2026ko aurrekontuan aurreikusitako proiektuak dira, eta datozen asteetan hasiko dira obrak.





