Zerbitzuak 9,36ko puntuazinoa lortu dau, eta 2005etik hona etengabeko hobekuntzan oinarritutako ibilbidea finkatu dau.
Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak Turismoko Q Kalitatearen jarraipen-auditoria gainditu dau, eta gainera, puntuazinoan gora egin dau nabarmen: 8,76tik 9,36ra pasatu da. Emaitza honek ez dakar norabide aldaketarik, baina joera bat berretsi dau: denporan iraun dauen kudeaketa eredu baten finkatzea.
Auditoriak hiru ordu iraun dau, eta 2005etik martxan dagoan kalitate-sistema ondo dabilela frogatzeko balio izan dau. Sistema hau bulegoaren egunerokoan erabat txertatuta dago. Txostenak azpimarratu dauenez, sistema oso garatuta dago eta datuen analisian zein helburuen zehaztapenean oinarritutako etengabeko berrikuspena egiteko gaitasuna dauka.
Hobekien baloratu dan alderdietako bat barruko antolakuntzea izan da. Prozedurak ondo zehaztuta, eguneratuta eta plan estrategiko bategaz lerrokatuta dagoz. Horri esker, jarduerak modu ordenatuan antolatzen dira eta zerbitzuak eskariaren arabera egokitzen dira. Ez da kontu estetikoa, jarraitutasunarena baino: adierazleen jarraipena eta emaitzen ebaluazioa ohiko lanaren parte dira.
Bestalde, bisitariari emoten jakon arretea be goraipatu dabe. Auditoriaren arabera, zerbitzua profesionala da, hizkuntza askotan emoten da eta informazio zehatza eta eskuragarria eskaintzen dau. Horregaz batera, kanal guztiak (aurrez aurrekoak zein digitalak) arintasunez kudeatzen dira, kontsultei erantzun azkarra emonez.
Txostenak baliabideen kudeaketa be hartu dau kontuan:
Instalazinoak: Segurtasun eta mantenu sistemak maila altukoak dira.
Lantaldea: Talde egonkorra da, prestua eta kalitate-helburuekaz konprometitua.
Analisi tresnak: Bisitarien profilak hobeto ezagutzeko eta sustapen-ekintzak bideratzeko balio dabe.
Emaitza hau ez da bakarra, bulegoak lehendik be badaukaz eta beste ezagutza batzuk, esaterako: Eusko Jaurlaritzaren Kudeaketa Aurreratuaren brontzezko A-ra edo Queer Destinations zigilua. Honek guztiak agerian itxi dau kalidadea, inklusinoa eta jasangarritasuna dirala lan-ildoak.
Azken finean, auditoria honek urteetako ibilbidea indartu baino ez dau egiten. Turismon, bisitarien esperientzia informazinoan eta egokitzeko gaitasunean oinarritzen danean, Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak tinko dirau bere ereduan: aldaketa gogorren aurrean, koherentzia eta pausoz pauso hobetzea dira bere ezaugarririk nagusienak.





