Bermeoko Alde Zaharra edertzeko eta irisgarritasuna hobetzeko obrak hasi dira Arostegi kalean

Bermeoko Alde Zaharra bizibarritzeko eta gune erakargarriago bihurtzeko asmoagaz, pauso garrantzitsu bat emon dau Udalak gaur bertan, Arostegi kalea eta udaletxe aurreko espaloia egokitzeko lanak hasita.

Edertze eta Berreskurapen Planaren barruan kokatzen dan proiektu honen helburu nagusiak irisgarritasuna hobetzea, kaleen itxura barriztea eta garbiketa lanak erraztea dira, herritarren bizi-kalitatea areagotzeko asmoagaz.

Lanen ondorioz, errepidea eta espaloia maila berean geratuko dira, oztopo arkitektonikoak kenduta, eta euri-urak batzeko granitozko “V” formako pieza berezi bat jarriko da. Gainera, ahal dan neurrian, zerbitzu-sareak (argindarra, telekomunikazinoak eta argiteria) lurperatu egingo dira.

Obrak hiru fasetan egingo dira eta maiatzaren amaierarako amaituta egotea aurreikusten da. Lehenengo fasean, gaur hasi dan horretan, Goiko Plaza eta Talaranzko kalearen arteko tartea egokituko da, trafikoa zubitik Lamerarantz bideratuz. Bigarren fasean, Talaranzko bidegurutzetik zubirainoko zatia itxi egingo da eta ibilgailuek Nardiz tar Jon kaletik joan beharko dabe. Azkenik, hirugarren fasean, udaletxe aurreko espaloia barriztuko dabe.

Estudios y Obras Rekalde SL enpresak egingo dauz lanok, 212.542,10 euroko aurrekontuagaz (BEZ barne), Europar Batasuneko Next Generation funtsen finantzaketari esker.

Bermeoko Udalak barkamena eskatu gura dau sortu litezkeen eragozpenengatik, eta eskerrak emon dauz herriaren onerako izango dan esku-hartze honen aurrean erakutsitako ulermenagatik.